NATO eta inperialismoaren aurkako manifestazioa Bilbon

2000 pertsonatik gora batu ziren atzo Bilbon “NATO-EB ez! Euskal Herria Antiinperalista” lelopean Bardeak orain, NATO eta Europar Batasunaren aurkako herri ekimena eta Askapenaren manifestazioaren antolatzaileen arabera. Euskal Herriko beste 50 eragileek babestu zuten manifestazioa.

2023-ko martxoak 12

Bilbon deitutako martxan gogoratu nahi izan zuten NATO eta EB “historiako garai beltz honen zutabe nagusiak” direla, eta Euskal Herrian egindako erreferendumean NATOn sartzeari ezetza eman zitzaiola.

NATOren izaera militarra eta kapitalaren zaindaria ez ahazteko eskatu zuten manifestariek. “Argi izan behar dugu NATOren rola erakunde militarra izateaz haragokoa dela. Badu beste funtzio bat: kapitalaren politikei aurre egiten dien edozeinen aurka egiteko adar militarra izatea”.

Alderdi politikoei gerra egiteko aurrekontuak onartzea leporatu zitzaien, eta horrek herritarren interesen aurkako dela azpimarratu zuten. “Adibide argia dira Estatu espainoleko azken aurrekontu orokorrak; eta ez dadila disimuluan pasa alderdi sozialdemokrata guztiek onartu izana. Herri langileen baldintza materialak okertzea babestu dute, NATOren mesedetara”.

Bardeak eta bestela eremu militarrak

Euskal Herrian NATOk duen presentzia gogoratu zuten. “Bardeako poligono militarraz eta Gasteizko Arakako basean egindako ariketa militarrez gain, Gasteizko Gobernua SENER eta SAPA gerra-industriak babesten ari da”.

Militarismoaren aurkako posizioa herri eta klase ikuspegi batetik ere jorratu zuten mobilizazioaren antolatzaileek. “Gero eta argiago dago, ez herri gisa, ez klase gisa, ez dugula etorkizunik NATO eta EBren barruan. Beharrezkoa da burgesiaren dominazio tresnak suntsitzea, baita Estatu espainiarra eta frantsesa ere”, eta duela 36 urte egindako erreferendumean NATOri emandako ezezkoan berresteaz gain “ofentsiba inperialistari” aurre egiteko deia zabaldu zuten, “NATOren eta EBren aurka, eta, ezinbestean, munduko gainerako herri langileekin eta nazio zapalduekin”.

Gehiago