‘Naparraren’ ama zendu da bere semearen arrastorik aurkitu gabe

Ia lau hamarkada egin ditu Celes Alvarezek semearen bila. Atzo zendu zen.

2018-ko azaroak 30

Ziburun ikusi zuten azken aldiz Jose Migel Etxeberria Naparra, 1980ko ekainean; geroztik, haren bila ibili da familia. 2014an NBEra jo zuten laguntza eske. Komando Autonomo Antikapitalistetako kidea izaki, atxilotua zutela uste izan zuten lehenik; baina, Baionako polizia etxean ez zegoela egiaztatuta, bestelako susmoak piztu ziren.

Batallon Vasco-Español taldeak bere gain hartu zuen bahiketa, eta hilaren 30eko komunikatuan esan zuen bahitua exekutatu eta Xantako inguruan lurperatu zutela. Ordea, haren gorpua ez zen sekula agertu. Desagertu eta bi urtera, bertan behera utzi zituzten bilaketa lanak Frantzian, aztarna berrien zain. Senideeek Espainiako auzitegietara jo zuten 1999an, eta desagertzea gertatu zenean “borroka antiterroristako arduradun” zirenen lekukotzak eskatu zituzten.

Ismael Moreno instrukzio epaileak artxibatu egin zuen kasua, eta haren erabakia babestu zuen 2004an Angel Murillo epaileak ere, argudiatuz ez zela frogatu Etxeberriaren desagertzea “delitua” izan zenik, eta are gutxiago “talde terrorista” batek eragindakoa.

Baina Naparraren senideek ez zuten etsi, eta NBEra jo zuten. Erakundeko kideekin bildu ziren Alvarez bera eta Eneko Etxeberria Naparraren anaia. Nazio Batuen Erakundeak arrazoia eman zion familiari, eta Etxeberriarena “desagertze behartua” izan zela ebatzi zuen.

Duela bi urte, 2016ko urrian, kasua berriz irekitzeko eskatu zuen Iñigo Iruin abokatuak, 1980ko hamarkadaren hasieran ETAren-eta aurkako “estatu terrorismoarekin” lotutako pertsona batek Iñaki Errazkin kazetariari emandako informazioan oinarrituta. Iturri haren arabera, gorpua Mont-de-Marsan (Frantzia)ondoko udalerri batean zegoen lurperatua.

Bilaketa lanek, baina, ez zuten esperotako emaitza eman. Hori baliatuta, auzia artxibatzeko eskatu zuen maiatzean Ismael Moreno epaileak, baina Auzitegi Nazionalak, familiaren helegitea onartu, eta lanekin jarraitzeko agindu zuen. Madrilek bilaketa lanekin jarraitzeko eskatu dio Frantziako jendarmeriari, aurrez baztertutako eremu batean, Landetan.

Gehiago