Nafarroari Bira ekimenaren bigarren etapak Tafallaldea, Lizarraldea eta Izarbeibarra zeharkatuko ditu

Larunbata honetan Tafalla, Artaxoa, Mendigorria, Gares, Mañeru, Zirauki, Lorka, Villatuerta eta Lizarratik pasatuko da ekimen ibiltari hau Altsasu Auzia salatzeko eta espetxeratuen askatasuna aldarrikatzeko.

2018-ko martxoak 1

Altsasuko zortzi gaztek apirilaren 16an Madrilgo Auzitegi Nazionalean izanen duten epaiketa salatzeko eta gaiari buruzko informazioa zabaltzeko Altsasu herriak eta bertako elkarte eta taldeek (48 kultur, kirol, gastronomia, gizarte edota hezkuntza elkarteek, gaur arte) Nafarroako eskualde guztietatik bira egiten ari dira.

Bigarren etapa honen ibilbidean Tafalla, Artaxoa, Mendigorria, Gares, Mañeru, Zirauki, Lorka, Villatuerta eta Lizarran izanen dira ekimenak.

Tafallan 9:30etan herrian zehar dianak izanen dira, eta Foruen Plazan argazki erakusketa ikusteko aukera izanen da. Gainera, goizean zehar fanfarrea, dantzariak, haurrentzako aktibitateak eta hamarretako bat izanen da. Eginen den ekitaldian Udal ordezkaritza eta Altsasuko Gurasoak parte hartuko dute. 

Garesen hitzordua 11.30etan da, baina Altsasuko karabana 12:15etan iritsiko da. Lizarrako bidean herri ezberdinetatik igaroko da. Mañeru 13:05etan, Zirauki 13:10etan, Lorka 13:20etan eta Villatuerta 13:25etan.

Lizarra 13:30etan iritsiko da Bira (Avia gasolindegia), eta Koronazio Plazatik kalejira bat abiatuko da inauteriko pertsonaiekin Foruen Plazaraino. Ondorengo ekitaldian Lizarrako Udal ordezkariek ere hartuko dute parte. Amaieran, Lizarrako Elkarteek prestaturiko elkartasun Pintxo-potea izanen da.

375 urteko kartzela zigor eskaera
Epaiketarako aste gutxi falta dira, eta Altsasuko zortzi gaztek 375 urteko kartzela zigor eskaeraren mehatxua gainean dute eta horietarik hiruk urte bete pasa dute espetxean, urrunduak. “Demokrazia batean bermatuta egon behar duten eskubideak eta printzipioak urratu egin dira: errugabetasun presuntzioa, epaile naturalaren eskubidea, legearen erabilera ez hedatzailea eta proportzionaltasunaren printzipioa, defentsarako eskubidea, askatasun eskubidea… Gain aktuazio judizial, polizial eta mediatikoa zein botere-gehiegikeria honek demokraziaren oinarriak higatzen” dituela salatu dute.

Gehiago