Nafarroako zahar egoitzetako lehen hitzarmena sinatu du sindikatuen gehiengoa 6 urteko borroka eta gero

LAB, CCOO eta UGT sindikatuek sinatu dute langileen lan baldintzak hobetuko duen lehenengo hitzarmena eta soldata minimoa 1.500€-etan ezartzen duena. ELAk ez du sinatu nahi izan.

2026-ko abuztuak 31

Borrokaldi luze baten ostean, gaur eguerdian sinatu da Nafarroako zahar egoitzetako lehen hitzarmena. Azken sei urteotan euren aldarrikapenak kalera atera dituzte langileek, eta hauek egindako lanari esker hitzarmena sinatzea lortu dela azpimarratu dute sindikatuek.

Hitzarmena “historikotzat” jotzen du LAB eta CCOO sindikatuek, sektoreko lehenbizikoa delako, eta gainera, “aurrerapauso itzelak dakartzalako langile guztientzat”, LABen hitzetan. “Orain arteko hitzarmena, espainiar Estatukoa, aisa gainditzen du testu berri honek, izan ere, indarrean ziren lan baldintza negargarriei amaiera eman eta sektoreko prekarizazioarekin behin-betiko bukatzeko oinarri sendoak ezartzen baititu”.

Besteak beste, 1.500€-etan ezartzen du sektoreko kategoria guztietako soldata. Hori izan zen pasa den martxoaren 17an egin zen greba orokorraren aldarrikapen nagusia. Bestetik, jardunaldia murrizten du 123 orduetan, eta 2027an 82 orduko jaitsiko dira. Langileek norberaren aferetarako 4 egun izanen dituzte, eta bajen konplementuan aurrerapauso nabarmenak eman direla ere azpimarratu dute sinatzaileek. Gainera, zenbait enpresatan ezarrita dauden hobekuntzak blindatuko dira, egoera hobeagoan dauden langileek galerarik izan ez dezaten. Eta azkenik, hitzarmenean araututako gutxienekotik gorako soldatak dituztenek ere urtero izango dute igoera.

LABen esanetan frogatu egin da “Nafarroan posible dela, eta frogatu egin dugu ere estatalizazioari aurre egin dakiokeela: hemen negoziatzeko eskubidea eta gaitasuna ditugu, eta LABek bide horretan jarraituko du nazio eraikuntzan pausoak emanez”.

ELAk ez du hitzarmena sinatu KPIaren araberako soldata-eguneratzea bermatzen ez delako

Nahiz eta ELAk onartzen duen patronalekin eta Nafarroako Gobernuarekin izandako negoziazioetan sindikatu honek egindako eskaera batzuk jasotzen diren, ez du bere sinadura jarriko hitzarmen honetan “testuak ez duelako bermatzen 2027 eta 2030 arteko KPIaren araberako soldata-eguneratzea”. Sindikatu honen arabera, patronalak “prest agertu ziren” hau negoziatzeko, baina “ez zuten aurreakordioan sartu, eta ez zuten hitzarmenaren behin betiko idazketan sartzeko konpromiso formalik hartu”. ELA kritikatu du gainerako sindikatuek “berme hori eskatu gabe babestu zuten testua, eta horregatik erabaki zuen ELAk sinadurarekin bat ez egitea”.

Gehiago