Nafarroako Torturatuen Sarearen ordezkaritza bat Parlamentuko lehendakariarekin bildu da

Unai Hualde Parlamentuko presidenteak nabarmendu du Nafarroako Foru Komunitateko torturari buruzko ikerketarekiko konpromiso parlamentarioa indarrean dagoela 2016. urtean ebazpen bat onartu zenetik.

2022-ko otsailak 18

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek harrera egin die gaur, Legebiltzarraren egoitzan, Nafarroako Torturatuen Sarearen ordezkari Jorge Txokarro eta Mariló Gorostiagari.

Bilkuraren helburua, Txokarrok eta Gorostiagak azaldu dutenez, elkarte gisa ofizialki aurkeztea izan da otsailaren 12an Berriozarren egindako eraketa-ekitaldiaren ondoren, baita Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoen tratu txarren biktimen erregistro bat eratzeko emandako pausoen berri ematea ere, 1961 eta 2012 artean 1.000 inguru, haien kalkuluen arabera.

“Helburua zerrenda ahalik eta zehatzena osatzea da, testigantza eta froga horiekin erakundeengana aitortza eta erreparazio bila jo ahal izateko. Laguntza-plataforma gisa, asmoa da txosten zehatz eta fidagarri bat izatea, salatzaileei laguntzeko eta, bide batez, historikoki isilean egon den eztabaida bat irekitzeko. Terrorismoaren aurkako borrokaren esparruan tortura babestu duen inpunitatea salatzeko asmoarekin sortutako mugimendua da gurea”.

Unai Hualdek, berriz, Nafarroako Torturatuen Sareari jakinarazi dio, elkarte gisa, batzordeen lan-saioen bidez Legebiltzarrean agerraldia egiteko aukera duela, hala nahi izanez gero.

Era berean, lehendakariak gogorarazi du Foru Parlamentuak ebazpen bat onetsi zuela 2016an, Nafarroako Gobernuari eskatuz argitu zitzala tortura eta tratu txar kasuak. “2020an aurkeztu zen 1960tik 1978ra bitarteko ikerketa Legebiltzarrean, eta Herritarrekiko Harremanetarako Departamentuak dagoeneko jakinarazi du aurrerapausoak ematen ari dela, IVACen txostenaren gomendioari jarraiki, proiektu zabalagoa bultzatzeko”.

Hualdek berriro ere azpimarratu duenez, “Nafarroan torturaren fenomenoa ikertzeko konpromiso parlamentarioari, zoritxarrez, oztopo ugari jarri zaizkio, talde eta erakunderen helegite judizialen ondorioz”.

Nafarroako Torturatuen Sarea jendaurrean 2019ko otsailaren 2an aurkeztu zen kolektibo bat da, 2022ko otsailaren 12an elkarte gisa eratua, eta helburutzat du “ikerketa ofizial, profesional eta independente bat erreklamatzea, Foru Erkidegoan azken hamarkadetan tortura jasan duten biktimen kopurua argitzeko”.

Gehiago