Nafarroako iparraldetik ere, maiatzaren 13an ofizialtasunaren aldeko manifestazioan parte hartzeko deia

Euskal Herrian Euskaraz taldeak maiatzaren 13an Iruñeko karriketan eginen den euskararen ofizialtasunaren aldeko manifestazioruntz beste urrats bat eman zuen larunbatean Igantzin. Nafarroako iparraldetik, beraz, euskara Nafarroa osoan hizkuntza ofizial gisa aitortu dezaten eta ofizialtasuna praktikan gauzatu dadin eskaria zabaldu zuten.

2023-ko maiatzak 2

Duela 36 urte, Nafarroako Parlamentuan, Vascuencearen Legea onartu zen, Nafarroa Garaiaren zonifikazio linguistikoa eragin zuena. Horren ondorioz, bizi garen eremuaren arabera, gure hizkuntza-eskubideak legez aitortzen dira edo ukatzen zaizkigu. Gainontzeko eskubideen inguruan araututako legeetan edota gure inguruan eginiko hizkuntza-legedietan antzeko eredu zatitzailerik ez da. Nafarroa Garaian euskaraz bizitzeko eskubidearen inguruan zergatik bai? Non geratzen dira herritarron
hizkuntza-eskubideak?

Lege horrek, esan bezala, Nafarroako euskaldunon eskubideen zatiketa arautu zuen. Iparreko eremu zehatz batean bizi bazara, baduzu eskubide aitortua euskaraz bizitzeko, administrazioarekin eta zerbitzu publikoekin euskarazko harremana izateko. Nahiz eta gero, praktikan, kasu askotan ez den betetzen. Aldiz, lurraldearen zatirik handienean, eskubide hori ukatua duzu, legez. Guztiz bidegabea.

36 urte eta gero, nafarrok hiru eremutan sailkaturik jarraitzen dugu, lehenengo, bigarren eta hirugarren mailako herritar gisa. Lege honen atzean euskararen, lingua navarrorum-aren, normalizazio-prozesua geldiarazteko estrategia kontzientea dago. Gure hizkuntza, gure lurraldearen zatirik handienean, arrotz bihurtzeko tresna izan da, eta hala izaten jarraitzen du.

7 urte t´erdi igaro dira, jada, UPNren gobernuak atzean geratu eta testuinguru politikoa aldatu zenetik. Urteotan, ordea, euskararen ofizialtasunaren aldarria, aldaketa politikoa eragin zuenetako bat izanik ere, ez da legez gauzatu. Lehenik Uxue Barkosen gobernua eta ondoren, Maria Chiviterena ezagutu ditugu; eta batak zein besteak euskararen berreskurapen-prozesuan nahiz zonifikazioa gainditzeko bidean ez dute egiturazko jauzi esanguratsurik egin.

Nazkatuta gaude! Ez gaude gure hizkuntza eskubideak, beste lau urtez, legez urratuak direla ikusteko eta bizitzeko prest. Ez dugu onartuko, beste behin, legealdiaren hasierako negoziazioetan euskararen ofizialtasuna lehen minutuan erortzen ikustea. Euskara Ofizial egin behar da Nafarroa Garai osoan: lurralde-kohesioagatik, elkarbizitzagatik, eta batez ere, justizia sozialagatik; ukatu ezin zaigun eskubidea delako.

Horregatik, norabide honetan azken hilabeteetan eman diren bi gertaera esanguratsu balioan jarri behar ditugu: batetik, Euskararen Nafar Kontseiluak egindako eskaera argi eta zuzena. Lehen aldiz, Nafarroako Gobernuaren erakunde aholkulari honek ofizialtasunaren aldeko posizioa hartu du ikasturte honen hasieran, kontrako botorik gabe, gainera. Bestetik, Euskalgintzaren Kontseilutik aipatutako adierazpenarekiko atxikimendu-kanpaina abian jarri eta denbora gutxian 200dik gora eragileren babesa jaso du testuak. Mota guztietako eragileak batu dira euskararen ofizialtasunaren aldarrikapenera. Gero eta gehiago dira aldarrikapen hau, zentzuzko, logiko ikusten dutenak. Nork arrazoitu lezake Nafarroan bertako hizkuntzan bizitzeko eskubidea ez dugunik?

Orain, hauteskundeetarako eta beraz, legealdi berri baten hasierarako aste batzuk falta diren honetan, aldarrikapen hau kalera ateratzeko garaia da, agendaren erdigunera ekartzekoa. Horregatik, gaur bertaratu zareten guztioi hemen egotea eskertu nahi dizuegu eta maiatzaren 13an Iruñean egingo den mobilizazio nagusian parte hartzeko deia egiten dugu. Alderdi politikoei mezu zuzena helarazi nahi diegu: gure eskubideak ez dira negoziatzen. Ez dugu gure lurraldean hegoalderantz egiten dugun bakoitzean eskubideak galtzen ditugula bizitu nahi. Kontu hau ezin da denboran gehiago luzatu, datorrena Ofizialtasunaren legealdia izan behar da. Gai hau ezin da negoziazioen lehen minutuan erori: Vascuencearen legea bertan behera utzi eta Euskararen Lege berri bat adostu eta onartu ezazue behingoz, lurralde osoan euskara ofizial eginen duena.

Gehiago