Nafarroako Gobernura joko dute gurasoek Iruñeko haur eskolen afera konpontzeko
Gurasoak kexu dira, orain arte inork ez dielako informaziorik eman. Nafarroako Gobernuko hezkuntza ordezkariekin biltzen saiatuko dira, gobernuari irtenbideak eskatzeko.
2020-ko otsailak 18
Iruñeko Udalaren “zurruntasuna” aintzat harturik, indarrak Nafarroako Gobernuarengana bideratuko dituzte Iruñeko haur eskolen hizkuntza eredu aldaketak kaltetutako gurasoek. Batzarra egin dute gaur arratsaldean, Arrotxapeko Errotaberri elkartean. Gaiaren inguruko informazio eza nabarmendu dute bertaratutako berrogeita hamar bat guraso eta hezitzaileek.
Enrique Maiak alkatearen aldaketei erantzuna emateko, jorratu daitezkeen bide eta alternatibak aztertzeko baliatu dute bilera. Nafarroako Gobernuko hezkuntza ordezkariekin biltzen saiatuko dira, haien egoera azaldu eta gobernuari konponbide bat galdegiteko. Datozen egunetarako mobilizazioak aurreikusi dituzte.
Bilera eskatu zioten ostiralean Iruñeko Navarra Sumako gobernu taldeari, iragarri dituzten eskaintza aldaketak eta hizkuntz eredu murrizketak azaldu eta argitzeko.
Iruñean 5 haur eskola kudeatzen ditu Nafarroako Gobernuak, eta euskarazko eredu bitan eskaintzen du: Nuestra Señora de los Ángeles eta San Jorge haur-eskoletan. Gobernuak oraindik ez du iragarri noiz zabalduko duen haur-hezkuntzako lehen zikloan aurrez izena emateko epea. Iaz apirilean izan zen.
Nafarroan titulartasun publikoko 101 zentro daude: 94 udal haur eskolak dira – 11 Iruñeko Udalak kudeatzen ditu – eta 7 Nafarroako Gobernuak kudeatutakoak.