Nafarroako Gobernuaren zerbitzu publikoetan herritarren hizkuntz eskubide guztiak ezin direla bermatu dio Behatokiak
Nafarroako Gobernuko plantilla organikoaren azterketa aurkeztu du Behatokiak, departamentuz departamentu. Departamentu gehienetan, lanpostu elebidunen kopurua ez da %3ra heltzen; kasu batzuetan, %2ra ere ez. Gobernuak atera asmo duen Merezimenduen Dekretuak "euskara erabili nahi duten herritarrak gutxietsi eta hauen hizkuntza eskubideak are gehiago mugatuko" dituela ziurtatu du Behatokiak.
2022-ko martxoak 22
Gaur, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak azken hilabeteetan garatu duen Nafarroako Gobernuko departamentu desberdinetako plantilla organikoaren azterketa eta ondorioak aurkeztu ditu Agurne Gaubeka erakundeko zuzendariak. Azterketaren xedea izan da herritarrek administrazioaren aurrean dituzten eskubideak, zehazki hizkuntza-eskubideak, bermatzen ote diren ezagutzea.
Behatokitik hainbatetan adierazi izan duten bezala, Nafarroako Gobernuak ez ditu behar bezala bermatzen herritar guztien hizkuntza-eskubideak, hau da, euskara ikasi edo administrazioarekin erabili ahal izatea. “Horrekin batera, Nafarroako Gobernuak duen helburu eta betebehar garrantzitsu bat ez du behar bezala aurrera eramaten: Nafarroan euskararen berreskurapena eta garapena bultzatzearena”, dio Gaubekak.
“Izan ere, herritarren eskubideak bermatu eta euskararen erabilera sustatzeko, euskara ikasteko baldintza egokiez gaindi, funtsezkoa da herritarrari euskara eroso erabili ahal izateko espazioak eskaintzea”, gogoratzen du Behatokiak. “Eta hori, administrazioarekin ditugun harremanetan behar bezala bermatu gabe, nekez zabaldu daiteke gizarteko beste espazio batzuetara”.
Behatokiak argi utzi izan nahi du hizkuntza eskubideak lurralde eremuaren arabera zatitzeak “Nafarroa osoko herritarrak kaltetu eta herritarren arteko berdintasun eza sortzen duela”, eta ondorioz exijitu du Nafarroako Gobernuko Departamentu guztietan euskarazko lanpostu elebidunak ezartzea “hizkuntza eskubideak bermatzeko eta herritarrek administrazio publikoarekin euskara eroso erabili dezaten”.
Merezimenduen Dekretu berriak herritarren eskubideak mugatuko ditu
Lan-deialdi publikoetarako Nafarroako Gobernuak atera asmo duen Merezimenduen Dekretuak lanpostu publikoetan euskarazko zerbitzua bermatzeko neurri egokiak hartu beharrean “euskara erabili nahi duten herritarren aitortza gutxietsi eta hauen hizkuntza eskubideak eremu gutxi batzuetara zokoratu eta mugatuko” dituela dio Behatokiak.
Gaubekak galdetu dio Nafarroako Gobernuari Departamentu guztietako lanpostuetan perfil elebidunak ezarri eta etorkizuneko deialdi publikoetan euskararen merezimendua behar bezala eta Nafarroa osoan puntuatzen ez bada ea nola eman ahal zaie euskaldunei behar duten arreta.
Azkenik, Euskalgintzaren Kontseiluak nafar guztien eskubideak kontuan hartzea eskatzeko «Herritarrak ez gutxietsi, eskubideak guztiontzat» lemapean abiatu duen kanpainarekin eta aldarrikapenarekin bat egiten du Hizkuntz Eskubideen Behatokiak.