Nafarroako Gobernuak Estatuaren indarkeriaren beste 3 biktima aitortu ditu

2024-ko irailak 13

Nafarroako Gobernuak ofizialki aitortu ditu Estatuaren indarkeriaren beste 3 biktimak: Miguel Iturbide, Félix Jimenez eta Ibai Azkona. Hitzez hitz, aitortzen die motibazio politikoko biktimak direla. Gaur gaurkoz, gutxienez 36 pertsona aitortu ditu Nafarroako Gobernuak.

1967an Guardia Zibilak tiroz erail zuen Miguel Iturbide Zugarramurdin, 16 urte besterik ez zuenean. Erailketa justifikatzeko, ETAko kidea zela esan zuen Guardia Zibilak, eta arma bat jarri zioten eskuetan. Auzia artxibatu egin zen eta bere hilketaren arduradunak ez ziren inoiz zigortuak izan.

Félix Jimenez Espainiako Poliziak bitan atxilotu eta torturatu zituen, 1978an eta 1982an. Lehenengo atxiloketa LKI egoitzaren aurkako eraso faxista bat salatzeko komisaldegira joan zenean gertatu zen. Bigarrenean, manifestazio batean atxilotu zuen Poliziak, eta komisaldegian sudurra apurtu zioten. Gertakari hau salatu zuen eta epaiketa batean arrazoia eman zioten Jimenezi.

Ibai Azkona Espainiako Poliziak atxilotu zuen 2008an, Grande Marlaska epailearen aginduz. Inkomunikazio garaian, tortura fisiko eta psikologikoak jasan zituen. Marlaskaren aurrean torturak salatu zituen, baita Iruñeko epaitegian. Salaketa artxibatu egin zen.

Dokumental honetan Ahotsa.info-k Ibai Azkonaren auzia bildu zuen.

Aitortza hauek 16/2019 Foru Legearen arabera sortutako Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordeak eman ditu. Batzorde horren helburua Nafarroan eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen ondoriozko indarkeriaren biktimei errekonozimendua eta erreparazioa ematea da.

Aitortza hauekin, Estatuak Nafarroan hamarkadetan erabilitako indarkeria argitara emateko prozesuari jarraipena ematen zaiola uste dute Torturatuen Sareak eta Egiari Zor Fundazioak. Gaur gaurkoz, gutxienez 36 pertsona aitortu dituela Gobernu Foralak.

Torturatuen Sareak eta Egiari Zor Fundazioak osatzen duten Egiaren garaia da. Memoria inklusiboa Nafarroarentzat dinamikatik azpimarratu nahi dute balorazio positiboa egiten dutela “Estatuko biktimen aitorpen ofizialak berekin baitakar urte luzeetan jasan dugun diskriminazioa apurka-apurka gainditzea, eta jasandako giza eskubideen urraketak erreparazio-bidean jartzea”.

Azpimarratzen dute garrantzitsua dela Nafarroan Estatuaren indarkeriaren biktimek errekonozimendu-eskaerak aurkezten jarraitzea: poliziaren indarkeriaren, gerra zikinaren, salbuespenezko espetxe-politikaren ondorioz eraildako pertsonak, errepide-kontroletan edo eskuin muturreko taldeek erabili zituzten sigletako edozeinen bidez erasotutakoak, Estatuko segurtasun-indarrek torturatutako pertsonak, bala-zauriak, poliziak jaurtitako gomazko piloten ondorioz erailak, manifestazioetan errepresioa, ondasun materialen aurkako atentatuak, bahiketak, legez kanpoko atxiloketak, desagertzeak…

Epeak zabalik jarraitzen du 2027ko uztailera arte, eta, berriro ere, eskaerak egiteko eskatzen duten pertsona guztiei laguntzeko prest daudela berretsi nahi dute. Horretarako, nahikoa da infona@egiarizor.eus edo nafarroakotorturatuensarea@gmail.com helbide elektronikora idaztea edo telefono honetara deitzea: 948 30 77 15.

“Gure ustez, ezinbestekoa da biktima guztien aitortza inolako diskriminaziorik eta asimetriarik gabe egitea. Horrela, Estatuaren indarkeriaren biktimok pairatzen ditugun diskriminazioak gainditzeko bidean aurrera egingo duen bizikidetzako esparru baten oinarriak ezarriko dira, termino demokratikoetan. Aitortza hauekin beste urrats bate maten da gure herrian bizi izandako sufrimendu guztia aitortua eta konpondua izan dadin, horrela inoiz gehiago ez errepikatzea bermatuz. Egia osoa ezagutzeko eskubidea dugu, eta egia hori denbora luzeegian ukatu zaigu Estatuaren indarkeriaren ondorioz eragindako biktimei eta, oro har, Nafarroako gizarte osoari.”

Gehiago