Nafarroako Gobernuak dekretu berri batekin indartu nahi duen PAI programa bertan behera uztea eskatu du ELAk

ELA Hezkuntzako bileran izan zen, baina dekretu horretarako parte-hartze prozesua "faltsua" dela dio. Komunikatu batean bere jarrera azaldu du eta ohartarazi du prozesu honek ez duela inoiz ELA sindikatuaren babesik izango.

2022-ko irailak 16

ELA sindikatuak salatu nahi du egungo Hezkuntza Departamentua tematuta dagoela irakasgai batzuk atzerriko hizkuntzetan ikasteko programak finkatzeko, PAIrako dekretu berri baten bitartez.

Hezkuntzako eleaniztasun-zerbitzutik -eta gaztelania hutsean-, deialdia presaz jaso badute ere, ELA sindikatuko ordezkariak bertaratu dira planteamendua zein zen jakiteko eta euren jarrera azaltzeko.

ELAk, bere presentziarekin adierazi nahi izan du ez duela legitimatuko coaching-enpresa batek koordinatutako ustezko partaidetza-prozesu bat. Inongo zirriborrorik jaso gabe eta mahai sektorialean negoziatzeko asmorik ez dagoen dekretu batek ez du inoiz ELA sindikatuaren babesik izango.

Gil Sevillano zuzendari nagusiak bileran esan duenean PAIko irakasleak egonkortzeko Foru Legea Gobernuko akordio programatikoaren ondorioz onartu zela, ELAK irmoki erantzun dio ez zela horrela izan, PSNk UPNrekin batera atera zuela lege hau aurrera, Gobernuko kideen aurkako botoekin, bere garaian hazten ari ziren A eta D ereduen aurka PAI sortu zenean bezalaxe.

Horregatik guztiagatik, Hezkuntza Departamentuari eskatzen dio ELA sindikatuak, alde batetik, ikasleentzat kaltegarria dela frogatu den PAI bertan behera utz dezala, eta, bestetik, atzerriko zein Nafarroako hizkuntzen kalitatezko ikaskuntza bermatuko duen sistema ezartzea ikasle nafar guztientzat.

Gehiago