Nafarroako Auzitegi Nagusiak Palacio de Arozteguiak Baztango zinegotzien aurka paratutako salaketa artxibatu du

Nafarroako Auzitegi Nagusiak Palacio de Arozteguiak Baztango Udal gobernuko tokiko gobernu batzordeko bortz kideen kontra paratutako salaketa artxibatu du. 2017ko ereiaroan (ekainean) «Aroztegiako pelotazo urbanistikoaren kontra Elizondoko plazan egin zen kanpaldiak mindurik, Elizondoko plaza herritarrei uzteagatik prebarikazio eta diru publikoaren erabilera makurragatik» salaketa paratu zien Palacio de Arozteguiak.

2018-ko urriak 24

Lehendabizi Nafarroako Administrazio Auzitegirat jo zuten: «helegitea aurkeztu genuen, baina ez ziguten kasurik egin». Hortaz, Auzitegi Nagusirat jo zuten «zigor alorreko salaketa hori paratuz». Azkenean, epaileak salaketa artxibatu du. Artxibatu baino lehen Iruñerat deklaratzerat hirutan joan behar izan dute: «batean grabaketa sistemaren akatsarengatik eta bertzean akusazioa gaztigatu ez zutelako; urriaren 15ean deklaratu ahal izan genuen» adierazi dute. Salaketaren helburua «argia» da haien ustez: «gure izenak zikintzea eta gu beldurraraztea».

Halere, Palacio de Arozteguiak «eztabaida soziala galdu duela» gaineratu dute: «herritarrek badakite proiektua Baztanen kalterako dela». Horregatik, «gelditzen zaien bidea inposizioarena da, eta hori PSISarekin eta salaketa judizialekin egiten dutela» uste dute. Salaketa horiekin «herritar eta hautetsiak beldurrarazi» nahi dituzte.

Honekin Palacio de Arozteguiak paratutako borzgarren salaketa judiziala da: «Garbiñe Elizegi lehengo alkatearen kontra bi, oraingo alkatearen eta zortzi herritarren aurka bertze bana eta, azkenik, Elizondoko plazari buruzko hau». Herritarren ustez «erabateko ofentsiba judiziala da» eta, «beraien posizio ekonomikoa baliatuz, soberan duten aberastasuna aprobetxatuz herritar eta hautetsi arruntak estu hartzeko».

Palacio de Arozteguiak Baztanen agindu nahi duela adierazi dute, proiektua egin ahal izateko eman dituzten urratsak eztabaidatuz: «Baztango erakundeen gainetik PSIS erabiliz hasi ziren, komunalak eta partikularren lurrak jabeen borondatearen kontra Aroztegiako Banaketa eremuan sarraraziz eta bururik gabeko errekalifikazioak eginez. Horrekin aski ez, eta orain, herrietako plaza publikoetan nork zer egiten ahalko duen beraiek erabaki nahi dute. Beren proiektuarekin Baztanen instalaturik direlarik, zer ez ote dute eginen?».

«Baztango plazak eta Elizondokoa bereziki edozein adierazpide eta agerpeneterako» erabili izan direla nabarmendu, eta Udalak «plazaren erabilerak bereizketarik gabe baimendu dituela» argitu nahi izan dute. Areago, baimentzen segituko dutela jakinarazi dute: «herritar guztiei espazio publikoa, argia, plater eta edalontzi bererabilgarriak utzi zaizkie. Eta uzten segituko dugu. Gu hemen gauden artean, bederen, herriko plazek herritarrendako izaten segituko dute».

Nolanahi ere, zigor-aretoko epaileak salaketa artxibaturik, administraziorekiko auzi epaitegian plaza uztegatik Palacio de Arozteguiak paratutako bertze helegite batek jarraitzen du.

Proiektuarekin aitzinerat segitzen dute, «inposizioarekin eta ofentsiba judizialarekin ere bai. Baina arrazoia guk dugu. Ez gaituzte menpean hartuko» erran dute.

Gehiago