Nafarroako Arartekoak pilota eskolak euskaraz antolatzea eskatu dio Iruñeko Udalari

Administrazioan Euskaraz Taldeak jakitera eman duenez, haurrei zuzendutako programa honetan pilota eskolak soilik gazteleraz eskaini dira. Udalak onartu behar izan du eskaintza euskaraz ere egin behar izatea.

2023-ko abuztuak 1

Iruñeko Udalak Coworkids programa bidez aurten antolaturiko pilota eskolak soilik gazteleraz eskaini ditu. Arartekoaren bulegoan kexa jarri zuen AETk, eta Iruñeko Udalak erantzun du ez zela euskarazko talderik egin inork ez zuela eskatu jarduera euskaraz egitea, baina Arartekoak egiaztatu du ez zela euskaraz egitea eskaini, Coworkids programako beste jarduera batzuetan egin zen bezala, non argi eta garbi adierazten zen gaztelaniazko eta euskarazko taldeak eginen zirela.

Arartekoak Iruñeko Udalari iradoki dio “bai Coworkids programaren webgunean, bai egin daitezkeen informazio-liburuxketan, eta baita izena emateko telefonoan ere, jarduerak gaztelaniaz zein euskaraz egiteko aukera iragarri eta jakinarazi” beharko liratekeela.

Iruñeko Udalak gomendioa onartu duela jakitera eman du AETk. Euskaltzale talde honek adierazi du espero duela hau izatea Cristina Ibarrola alkateak jasotzen duen lehenengo eta azken gomendioa euskararen inguruan.

Gehiago