Nafarroako adinekoen arretarako lehen hitzarmena lortzeko greba eginen dute langileek
ELA, UGT, LAB eta CCOO-k mobilizazioen tonua igoko dute "duintasunez zaintzeko eskubidea bermatuko duen eta zaintzen duenak baldintza duinak dituen eredu bat lortu arte".
2021-ko abenduak 15
Sektorean ordezkaritza handiena duten lau sindikatuek (ELA, UGT, LAB eta CCOO) greba-deialdia iragarri dute 2022ko urtarrilaren 13rako, adinekoen arretaren sektorean, hau da, erresidentzia, eguneko zentro eta etxez etxeko laguntza-zerbitzuan. 4.000 pertsona baino gehiago daude deituta grebara Nafarroan.
“Zaintzak pribatizatuta edo merkantilizatuta daude, enpresa pribatuen esku, eta horiek onura ekonomikoari ematen diote lehentasuna, pertsonen zaintzari eman beharrean. Hori guztia, gainera, diru publikoarekin finantzatuta. Zaintzek eta bizitzek ez lukete negozio esparru izan behar. Zaintza profesionalizatuak publikoa, duina, unibertsala eta doakoa izan behar du”, esan dute gaur egindako agerraldian.
Egungo zainketa-eredua agortuta dagoela ere gehitu dute. “Zainduak izan behar dutenak ez ditu zaintzen, ezta sektoreko langileak ere. Zaintza sektoreko profesionalen lan-baldintzak hobetzea ezinbestekoa da zaindu beharreko pertsonek arreta duina eta integrala jaso dezaten. Gaur egun, Nafarroako 70 zentro baino gehiago (erresidentziak eta eguneko zentroak kontuan hartuta) estatu mailako lan-hitzarmen batek arautzen ditu, zentro gutxi batzuk izan ezik, enpresako hitzarmenak negoziatu dituztelako. Estatuko hitzarmen horrek baldintza prekarioetan mantentzen ditu langileak”, salatu dute.
Egoera horren aurrean, sindikatuek eskatuta, negoziazio mahaia eratu zen maiatzean patronalekin -ANEA eta LARES- eta Nafarroako Gobernuarekin. “Baina hilabete hauetan guztietan ez dute inolako borondaterik erakutsi negoziazioan aurrera egiteko eta langileen baldintzak hobetzeko”, azpimarratu dute sindikatuek.
Ordezkari sindikalen ustez, mobilizaziorik gabe ezingo da aurrera egin “zaintza eredu publiko, duin, unibertsal eta doakorantz”. Hori helburu hartuta, lehen mugarria Nafarroako adinekoei arreta emateko lehen hitzarmena lortzea dela argi dute. “Badakigu hau sektoreko langileen presioaren bidez bakarrik lortuko dugula. Horregatik, urtarrilaren 13ko grebarekin hasiko gara, eta langile eta egoilarren baldintzak hobetuko dituen hitzarmen hori lortzeko behar diren grebekin jarraituko dugu”, iragarri dute.