Nafarroako 184 presoek sakabanaturik betetzen ari dira euren espetxe zigorra

Salhaketa Nafarroa, Etxerat, Altsasu Gurasoak eta Sare Herritarra #SOSPresoakCovid19 dinamikaren baitan preso guzti hauek hala nahi izanez gero Nafarrora ekartzea eskatuko dute uztailaren 4an Iruñeko Gaztelu Plazan eginen den ekitaldi batekin.

2020-ko ekainak 26

Presoek haien errotze-lekuan kondena betetzeko duten eskubidea berma dadila eskatu dute Salhaketa Nafarroa, Etxerat, Altsasu Gurasoak eta Sare Herritarra-k. #SOSPresoakCovid19 izeneko dinamikarekin egiten ari diren elkarlanaren baitan kokatzen den beste urrats batean, eta Estatu espainoleko hainbat erakundeekin batera, presoek bizi duten sakabanaketarekin amaitzea eskatuko dute.

Estatu espainiar osoan 8000 pertsona baino gehiagok errotuta dauden tokitik kanpo betetzen dute zigorra. Horri 7.600 preso gehitu beharko litzaizkioke, Idazkaritza Nagusiak ez dakielarik zein den haien bizilekua.

Talde hauen hitzetan, Covid-19ren eraginez sortutako osasun-krisia dela eta agerian geratu da “espetxeetan neurriak ezarri beharko direla, besteak beste, presoen osasunerako eta duintasunerako eskubidea bermatzeko.” Baina Espainiako Gobernuak oraindik ez ditu aplikatu presoak espetxetik ateratzera bideratutako nazioarteko erakundeen gomendioak. “Neurri horiek ezinbestekoak dira duintasun pertsonala eta ongizate kolektiboa babesteko eta beraz, Covid19-aren aurrean bereziki ahulak diren kolektiboetako pertsonak espetxetik atera beharko dira, hala nola 65 urtetik gorakoak, gaixotasun kronikoak dituztenak, haurdun dauden emakumeak edo seme-alabak espetxean dituztenak”, esan dute.

Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak, atzo arte, ez du jarraibiderik eman “2. fase”-tik haratago. Gaur egun oraindik ere bi senide baino gehiago ezin dira bisitara sartu, ez dira berriz hasi aurrez aurreko komunikazioak, oraindik ere mantentzen dira nahitaezko koarentenak irteera-baimenaren ondoren espetxera itzultzean,  eta oraindik ez dira espetxean egiten diren jarduera guztiak berrezarri. “Beharrezkoa da muga-eguna jartzea presoen eskubideak erabat urratzen dituzten egoera hauei. Idazkaritza Nagusiak espetxerako “normaltasun berrirako” atzo hartutako neurriak berandu iritsi dira berriz ere. Gainera, jarraibide horiek ez dira oso argiak eta espetxe bakoitzaren esku uzten dituzte hauek ezartzeko modua eta denborak”, salatu dute eragile hauek.

“Hau horrela izanik, pandemia honek presoek jasaten duten zaurgarritasun erantsia azaleratu du eta agerian utzi du presoen eta haien senideen eskubideak urratu egin direla”, azpimarratu dute. Urraketa hori are handiagoa izan da haien errotze-tokitik urrun kondena betetzen ari diren presoentzat. “Pertsona hauek ezin izan dute kristalezko komunikazioen bidez haien familiarekin harremana berrezarri, Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak ez dielako baimenik eman beste autonomia erkidego batzuetara joateko. Halaber, ezin izan dute irteera- baimenik jaso haien bizilekua probintzia berean ez bazegoen, kasu horietan ere ez baita joan- etorria baimendu.”

Egoera honen aurrean, sakabanaketa eta urrunketarekin amaitzea eskatu dute. Idazkaritzaren datu ofizialek agerian uzten dute sistematikoki urratzen dela presoen eskubide hori. Nafarroako kasuan, nafarrak diren edo Nafarroan errotuta dauden 184 presok Foru Komunitatetik kanpoko espetxeetan betetzen dute zigorra. Galiziaren kasuan, gutxienez 234 preso dira, 564 Kataluniaren kasuan eta 1.093 Andaluziaren kasuan… Horiei 7.600 preso baino gehiago gehitu beharko litzaizkioke, Idazkaritza Nagusiak ez dakielarik haien errotze-lekua zein den.
Horregatik, alarma-egoera amaitu den une honetan, berriro ere Madrilgo eta Nafarroako gobernuei interpelazioa egiten diete, bi exekutiboak, bakoitza bere eremutik, “lanean has daitezen eta eskatzen ari garen neurriak har ditzaten lehenbailehen espetxetan mantentzen ari diren egoerei muga-eguna jartzeko, presoen eskubideak erabat urratzen baitituzte, hala nola preso guztiak familia edo gizarte errotzea duten espetxeetara eramatea”.

Ekitaldi baterako deia egin dute, uztailaren 4an eginen dena, eguerdiko 12:30ean, Iruñeko Gaztelu plazan.

Gehiago