Nafarroa: 25.000 etxebizitza hutsik eta 350 etxegabetzeak urtero
ELAk ekintza bat egin du Iruñean etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko: 25.000 etxebizitza hutsik dauden bitartean 350 etxegabetze baino gehiago izaten dira urtero, sindikatuak emandako datuen arabera. Performance baten bidez, Sarasate pasealekuan egungo negozio-ereduaren ordez etxebizitza oinarrizko eta benetako eskubide bihurtzeko premia larria irudikatu da.
2022-ko ekainak 20
ELAk Performance bat egin du Iruñeko Sarasate pasealekuan, Parlamentuaren aurrean, etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko. Ekintzan politikak eta egungo legedia salatu dituzte, etxebizitza ez delako oinarrizko eta benetako eskubide gisa hartzen, baizik eta negozio gisa, espekulazioa bultzatzen. Performanceak kanpamentu bat irudikatu du, etxebizitza bat eskuratu ezin duten pertsonak ikusarazteko.
Pandemiaren ondoren, ELAk etxebizitzari buruzko diagnostiko bat egin du, eta ekintzaren lehen zatian ondorioak aurkeztu dira: Nafarroan 25.000 etxebizitza baino gehiago daude hutsik, eta urtean 350 etxegabetze baino gehiago gertatzen dira; alokairuaren batez besteko errenta 1.000 euro ingurukoa da Iruñean, eta salerosketan dagoen etxebizitzaren prezioa 1.500 eurotik gorakoa da metro koadroko Nafarroan.
“2008ra arte, etxebizitzen eraikuntza masiboak eta hipotekak ematen zituzten finantza erakundeen abusuak larriki murriztu zuten etxebizitza eskuratzeko aukera, eta arazo hori gero eta larriagoa da. Nafarroako Gobernuak politika horrekin jarraitzen du, negozio berriekin, hala nola Salesianosen egiten ari direnarekin edo Etxabakoitz eta Sanduzelain iragarritakoarekin. Bertan, AHTaren geltokiaren kontura, 11.700 etxebizitza baino gehiago eraikitzea aurreikusten da, besteak beste”, salatu du ELAk.
Errealitate horren aurrean, ELA sindikatuaren proposamenen artean etxebizitzarako eskubide subjektiboa legez bermatzea dago, edota alokairua sustatzea salerosketa ereduaren aurrean. Bestetik, alokairuaren prezioak mugatzea proposatzen du ELAk, eta hutsik dauden etxebizitzak alokairura bideratzera behartzea. Etxegabetzeak geldiaraztea, turismo etxebizitzak mugatzea eta kontrolatzea, eta etxebizitzako gastu publikoa BPGaren %2ra igotzea dira beste proposamen batzuk.