Nafarren bizipoza eta euskararekiko konpromezua azalarazteko Korrikan parte hartzera gonbidapena luzatu du AEK-k
Nafar Gobernuak euskaltegiak itotzeko eta euskara zokoratzeko egiten dituen ahaleginen aurrean, euskararen aldeko herritarren ahalduntzea aldarrikatu dute lasterketaren antolatzaileek. Ostiralean, Ahotsa.info-k jarraipen berezia eginen du, eta Eguzki Irratiak zuzeneko irrati saio bat.
2015-ko martxoak 18
Dena prest Korrikarako. 35 urte bete dituen edizio honetan, euskararen aldeko lasterketak iparraldetik hegoalderaino zeharkatuko du Nafarroa Garaia. Osotara 800 kilometro eginen du Korrikak gure herrialdean, non gaur egun 45 irakasle aritzen dira 48 herri edo auzoetan euskarazko klaseak ematen 1.200 ikasle inguruei. Osotara 120 talde daude Nafarroako geografia guztian sakabanaturik, eta Korrika pasako da leku horietako askoetatik. 100 Korrika batzorde osatu dira lasterketa honi ongi etorria emateko, eta 3.500 Korrika laguntzaile lortu dira azken asteetan. Guzti hau, euskarari babesa emateko, nafar hizkuntzan bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko eta praktikan jartzeko.
Baina guzti honen aurrean, nafar Gobernuaren jarrerarekin aurkitzen gara. UPNk zuzentzen duen Exekutiboaren euskararekiko jarrera ez dator bat jendartearen nahaiarekin. Kontrakoa. Euskaraz ikasteko dirulaguntzarik ez, Euskarabidea-k ez du harremanik euskalgintzako eragileekin, ezagunak dira hezkuntza publikoan euskaraz ikasteko dauden arazoak eta UPNk dituen irizpideak honen inguruan. Hala eta guztiz ere, Korrikaren antolatzaileak ez dira kikiltzen eta dena prest dute lasterketa benetan arrakastatsua izateko.
Eguzki Irratia-ren bidez, Iruñerriko Korrika zuzenean
Urepelen abiatu eta Bilbon bukaera izango duen aurtengo Korrikaren edizio honek, ostiralean sartuko da Nafarroan. Baztanetik, hain zuzen ere, goizean. Iruñerrian, arratsaldean izango da, Atarrabiatik sartuko da. Ahotsa.info-k jarraipen berezia eginen du, eta ondoren irudietan emango du Korrikaren nondik norakoak egingo den programa batean. Eguzki Irratiak, bere aldetik, zuzeneko jarraipena eginen du, eta 107 FMko frekuentzian entzuteko aukera izanen da, edo www.eguzki.net webgunearen bidez. Arratsaldeko 18etatik aurrera izanen da irrati saioa.