Nafar Gobernuari tortura kasuak aitortu eta erreparaziorako mekanismo eraginkorrak martxan jartzeko eskatu diote
Hainbat nafar torturatuk adierazi dute tortura “iluntasunetik ateratzeko garaia” dela, eta Nafarroako Gobernuari dagokien ardura hartzeko eskatu diote. ”Hitzetatik ekintzerara” igarotzeko ordua dela azaldu dute.
2017-ko otsailak 13
“Geu ere biktimak gara, eta modu bikoitzean gainera: torturaren biktimak eta torturaren ukazio eta aitorpen ezarenak”. Halaxe adierazi dute hamarkada ezberdinetan torturatuak izan diren 6 herritar nafarrek, eta tortura kasuak ukaziotik atera eta egia osoa ezagutzeko garaia dela nabarmendu dute. “Bide hau egitea behar beharrezkoa da, benetako elkarbizitza oso eta normalizatu batera iritsi nahi badugu”.
Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako Ana Ollo kontseilariaren eta Álvaro Baraibar zuzendari orokorraren hitzak gogoraraziz, nafar torturatuen taldean “hitzetatik ekintzetara” igaro beharra dagoela adierazi dute.
“Gobernuko inor ez da tortura sufritu dugun pertsonekin kontaktuan jarri, gure testigantzak, hausnarketak eta beharrak entzuteko. Inor ez da torturaren dokumentazio lanetan diharduten elkarte desberdinekin kontaktuan jarri, Euskal Memoria Fundazioarekin kasu, zeinak, orain arte, 600dik gora tortura testigantza bildu dituen hemen Nafarroan, eta dirudienez, milatik gora jasotzeko bidean dagoena”.
Tresna eraginkorrak
Nafar taldeak lanean hasteko prestutasuna agertu du, eta norabide horretan, Nafarroako Gobernuari eskatu diote “torturaren beharrezko aitortza eta erreparaziorako mekanismo eta tresna eraginkorrak” martxan jartzeko.
Azkenik, Nafarroan tortura sufritu duten pertsona guztiei deia egin diete Bake, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Zuzendaritza orokorrarekin kontaktuan jar daitezen, beraien testigantza eskaini eta torturaren egia, aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeen beharra adierazteko.