“Mugaz gaindiko Uskararen astea” ospatu dute Xiberoa, Zaraitzu eta Erronkariko herritarren arteko harremanak sendotzeko euskara erdigunean jarriz

Duela bi urte sortutako dinamikari jarraiki, euskara erdigunean jarririk Xiberoa, Zaraitzu eta Erronkari arteko bortuaren bi aldeetako herritarren harremanak sendotzeko helburuarekin hainbat ekimen egin dira irailean.

2026-ko irailak 24

Pasa den astean, euskaldunen aktibaziorako tailerrak gauzatu ziren Liginagan (Xiberoa) eta Ezkarozen (Zaraitzu), Plazara Elkartearen eskutik. “Parte hartze arrakastatsuarekin, bertan, bizipen pertsonaletatik abiaturik euskaldunok bizi ditugun zapalkuntza edo gutxiespen egoerei aterabide kolektiboak marrazteko parada egon zen”, antolatzaileen arabera.

Irailaren 19an, larunbatarekin, elkartzeko eta ospakizunerako tartea egon zen. Eguerdian, Jokai konpainiaren “Mugarri” antzerki musikatuaz gozatzeko aukera izan zuten Zaraitzuko Ibar Etxeko areto nagusira bertaratutako 80 pertsonak.  Biolin, biolontxelo, gitarra eta txalapartaz lagunduriko ahotsek hainbat eszena lagundu zituzten, Pirinioetako mugak eragindako hainbat gatazka dramatizatuz: kontrabandistak, iheslari politikoak, enarak edota gaur egungo migrazioak.

Egunak segida izan zuen Otsagabian, bazkariarekin eta La Crafeterak gidaturiko haurrendako estanpazio tailerrarekin.
Bukatzeko, Baionako Zetkin talde punk feministak bere kanta aldarrikatzaileak deskargatu zituen Idarrotxi Gaztetxean, entzuleen gozamenerako.

“Ekialdean uskaraz” mugaz bi aldeko taldetik animatu nahi dituzte Zaraitzu, Erronkari eta Xiberoko herritarrak “aurrerantzean etorriko diren dinamika berrietan” parte hartzera.

Gehiago