Mobilizazio berriak iragarri dituzte Aroztegia proiektuaren aurka eta Baztanen etorkizunaren alde
Aroztegia eta gero zer? plataformak eta Baztango Gazte Asanbladak agerraldi bat egin dute gaur Lekarozen Arostegia proiektuaren aurrean euren aurkakotasuna adierazteko eta datozen egunetan eginen diren mobilizazio berriak iragartzeko. Ostiral honetan hasiko da Lekarozen akanpada bat, eta larunbatean elkarretaratze bat deitu dute proiektu turistiko eta urbanistiko honen obren hasiera salatzeko.
2021-ko apirilak 14
Krisi sozio-klimatikoa denen ahotan dagoen honetan Baztanen ez dute ulertzen nola Nafarroako Gobernua “egoera hori gelditzeko lanetan aritu beharrean diru eta baliabide publikoak lurra suntsitzeko erabiltzen” ari den. Izan ere, euren hitzetan Aroztegiak “ez dio gure lurra eta paisaiari bakarrik eragiten; bailarari lotuta bizi den herri baten ohiturak eta bizimodua desegin nahi” dute salatzen dute. Eta horrez gain, Aroztegiak beste hainbat arloetan kalteak eraginen dituela ere nabarmendu dute: hizkuntzan, nekazaritzan, etxebizitzan, baliabide naturaletan…
Proiektu honek, 350 biztanle inguru dituen Lekarozko herrian hotela, golf zelaia eta 225 luxuzko etxebizitza egitea planteatzen du, bailaran etxebizitzan dagoen arazoa okertuz. “Ez dezagun atzendu Baztango etxeen %36a etxe hutsak edo bigarren etxe bizitzak direla. Beraz, parke tematikoaren itxura eman dioten proiektu honek herri baten desagerpena ekarriko du”, diote Aroztegiaren aurkakoek.
Nafarroako Gobernuak Aroztegiako proiektua UGEP (Udalerriz Gaindiko Eragina duen Plana) bezala bideratzea erabaki zuen. Modu honetan, Baztango Udalari erabakitzeko eskumena kendu zion eta bereak dituen lurrak eta baliabide komunalak, enpresa pribatu bati eman zizkion. Baztango instituzioek proiektu honen aurka agertu dira, baina herritarren iritzien gainetik pasa da Gobernu forala. “Urteak daramazkigu herri bezala proiektu honen kontra gaudela adierazten eta ez gaituzte entzun nahi. Honen aitzinean, Nafarroako Gobernuari eta bera babesten duten alderdi guztiei, zilegitasun sozialik ez duen UGEP hau geratzeko eskatzen diegu”.
Protesta ekimenak egiten jarraituko dutela ere iragarri dute. Ostiral honetan, arratsaldeko 15:30ean Lekarozko Plazan akanpada bat eginen dute, eta larunbatean arratsaldeko 17:00etan elkarretaratzea eginen dute. Bestetik, maiatzaren 15ean arratsaldeko 17:30ean manifestazioa bat eginen dute Elizondon.