Miren Zabaleta: “Faxismoaren eraisketa ideologiko eta politikoa bultzatzen ditu akordioak”
2024-ko azaroak 27
Naiz irratian Nafarroako EH Bilduko koordinatzaileari egindako elkarrizketan Erorien monumentuaren gaineko akordioaz hitz egin du Miren Zabaletak. Azaldu duenez, bi helburu izan zituzten negoziazioan: batetik, egoera desblokeatzea eta irtenbide bat eskaintzea; eta bestetik, eraisketa arkitektonikotik haratago, bai ala bai esku hartzeak eraiste ideologiko eta politiko bat eskaintzea. “Frankismoa eta faxismoa inpugnatzeaz ari gara. Hori gehiengoekin egin behar dugu, eta juridikoki bideragarria den planteamendu baten gainean. Ezin dugu ahaztu nor dugun aurrean, eskuina mugimenduak egiten ari da eraikina dagoen bezala gera dadin. Hortik aurrera, etorkizunera begirako ekarpen bat egin nahi izan dugu, belaunaldi berriei hor zer utzi nahi diegun erantzunez”, esan du Zabaletak.
Elkarte memorialista asko daude Nafarroan gogoratu du EH Bilduko eledunak “eta horiek egin dute posible ahanzturaren harresia botatzea. Ari gara haiekin hizketan, eta iritzi asko daude. Guk uste dugu hemendik aurrera hausnarketarako eta elkarlanerako bide bat irekitzen dela. Bidea luzea izango da, eta eskua zabalik dugu”, nabarmendu du izandako kritiken aurrean.