Mintzakide, Zangozaldean euskaraz blaitzeko programa berria abian

Zangozako Udalak euskararen erabileraren eta sustapenaren aldeko apustua egin du eta AEKrekin batera Mintzakide programa jarri du abian. Ostiral honetan bertan hasiko dira taldeak osatzen.

2022-ko urriak 11

Zangozako alkateak Lucia Etxegoien azpimarratu duenez, herrian “interes handia dago euskara ikasteko eta eguneroko bizitza eramateko, hau da, euskararen praktika gure egunerokoan eramateko, batzuetan ez baita hain erraza”.

Helduentzako zuzendua dago Mintzakide programa, adin guztiak barne. “Gehiago ikasteko, ikasitakoa praktikan jartzeko, euskaraz bizitzeko eta harremanak izateko gogoa dago. Hori dela eta, hori egiteko formula bilatu genuen”, esan du alkateak.

Mintzakiderekin, Zangozan euskaraz hitz egiteko espazioak zabalduko direla uste dute bultzatzaileak. “Harreman berriak sortuko dira euskaraz, ohitura sortuko da, eta hori lagunekin, lanean, familiarekin… zabalduko da”, uste du alkateak.

Amaia Aldanondo AEKko arduraduna Zangozaldean euskaraz ez aritzeko arrazoiak zerrendatu ditu: “Batzuetan zaila izaten da gelan ikasitakoa kalean erabiltzea. Horretarako hainbat arrazoi daude: konfiantza falta, lotsa, ingurune erdalduna, erakunde publikoen babes falta… Denok dakigu erabiltzen ez dena ahaztu edo galdu egiten dela”.

Horretaz jabeturik, duela urte batzuk AEK-k abian jarri zituen euskaltegitik kanpo euskara praktikatzeko hainbat programa eta ekintza. Ezagunenak, ahozko programak dira, mintzapraktika egitasmoak hain zuzen ere. Orain, Mintzakide Zangozara helduko da. Eta lehen topaketa ostiral honetan egingo dute, 18:30ean Kultur Etxean, herritarrei Mintzakide programa aurkezteko eta Mintzataldeak osatzeko.

Gehiago