Mikel Barrios eta Iñigo Gulina euskal iheslari politikoak atxilotu dituzte Berlinen
Espainiako indar polizialek egindako operazioan Nafarroako bi gazte hauek atxilotu dituzte. Gulina 2007an atxilotu zuten, eta Barrios Segiren aurkako operazio batetik ihes egin zuen.
2017-ko urriak 27
Sortuk Guardia Zibilak Alemanian eragindako polizia operazioa salatu du. ETA erakundea desmobilizazioaren inguruko gogoeta egiten ari denean etorri dira Mikel Barrios iruñearraren eta Iñigo Gulina Tirapu burlatarraren atxiloketak, azpimarratu du.
“Sortuk uste du Espainiako Erresuma eginahal guztiak egiten ari dela bakera garamatzan edozein aurrerapauso zapuzteko. Komentzituta gaude edozein desmobilizazio prozesu oztopatu nahi duela, armagabetzearekin egin zuen moduan”, esan dute ohar batean.
“Espainiako Erresumak ez du pantailaz pasatu nahi. Bakegileek eta Frantziako Justizia Ministerioak gatazka konpontzeko adostasunetara hel daitekeela erakutsi dute. Herritarren, eragileen eta erakundeen artean emandako aurrerapausoek bake eta bizikidetza agertoki berri baten aurrean jartzen gaituzte. Kartzelak husteko garaia denean, baina, Madrilek gerra-logikan jarraitzen du, espetxeak bete nahian tematurik”.