Mikel Arregi Gogoan liburua aurkeztu dute, “gure historia bildu eta datozen belaunaldiek zer gertatu zen ezagutu dezaten”

Mikel Arregi Gogoan Herri Ekimenak atzo aurkeztu zuen 1979ko azaroaren 11n Guardia Zibilak tirokatu zuen Mikel Arregiri buruzko liburua. "Apaltasunez eta maitasunez egindako lana" dela azaldu du herri ekimenak.

2021-ko urtarrilak 18

Lakuntzako Kultur Etxea txiki geratu zen Mikel Arregi Gogoan Herri Ekimenak Mikel Arregi zenari buruz argitaratu duen liburuaren aurkezpenerako. Pandemia dela eta baimentzen diren tokiak bete egin ziren, lakuntzarrek gertakariaz duten interesaren isla. Lakuntzarrak ez ezik, Sakanako herri askotako jendea hurbildu zen.

Jakina denez, 1979 urtean Mikel Arregi zioan autoa tirokatu zuen Guardia Zibilak Etxarri Aranatzen, eta Lakuntzako zinegotzia zena erail zuen. Mikel Arregi Gogoan Herri Ekimeneko Jone Aretak azaldu zuenez, lakuntzarrek egin dute liburua, “apaltasunez eta maitasunez egina, gure historia bildu eta hurrengo belaunaldiei begira jasoa geratu dadin”. Urtebete osoko lana izan dela azaldu zuen, familiak, bereziki, dokumentazio zabala jasoa baitzuen. Ildo honetan, familiaren ahalegina eskertu zuen Aretak. Iker Uribe lakuntzarra izan da liburuari itxura eman diona, eta “egiaren oroitzapena” izan nahi zuela nabarmendu zuen. Liburua publikatu ahal izateko Sakana Kooperatibak eta Lakuntzako Udalak emandako laguntza eskertu zuen eta liburua Lakuntzako dendatan eta Etxarri Aranatz eta Altsasuko zenbait tokitan salgai jarriko dela nabarmendu zuen, 15 eurotan. Txaro Arregik, senitartekoen izenean, Mikel Arregi Gogoan Herri Ekimenak egindako lana bihotzez eskertu zuen eta urte luze hauetan familiak herritarren, udalaren eta hamaika taldeen aldetik jasotako babesa eskertu zuen.

Gehiago