Memoria historikoa eta justizia aldarrikatzen duen manifestua izenpetu dute hamarka elkarte, sindikatu eta kolektiboek

Nafarroako hainbat talde memorialistek, sindikatuek, kolektibo feministek, pentsiodunen elkarteek eta kultura-elkarteek bat egin dute memoria eta justizia aldarrikatzen duen manifestuarekin eta bihar larunbatean Iruñeko Justizia Jauregian egingo den elkarretaratzean parte hartuko dute.

2021-ko apirilak 23

Manifestu hau sinatu duten talde memorialistek, sindikatuek, kolektibo feministek, pentsiodunen elkarteek eta kultura-elkarteek urteak daramate borrokan Espainiako Estatuak “isiltasunean eta ahanzturan oinarrituriko inpunitate-politiken aurka”, erregimen frankistak egindako gizateriaren kontrako krimenei dagokienez.

1936ko uztailaren 18ko estatu-kolpe faxista hasi zenetik Nafarroan izandako errepresioa hartzen dute abiapuntu bezala, eta ondorengo hamarkadetan izandako jazarpena erregimen diktatorialaren menpean. Ondoren, Trantsizioan, errepresioa areagotu egin zela azpimarratzen dute, gure historian izandako hainbat pasarte aipatuz, horien artean 1978ko Sanferminetan gertatutakoa.

Memoria berreskuratzeko frankismoaren biktimen senideek eta Nafarroako hainbat talde memorialistek egindako lana goraipatu eta aldiz, Estatuaren aldetik egindako “aintzatespen instituzional partzial eta eskasak” salatu dituzte, “frankismoaren zigorgabetasun-ereduari eragin ez diotenak”.

“Gobernuak 2020ko irailean onetsi berri duen Memoria Demokratikoaren Aurreproiektua aurrerapauso nabarmena izan da hainbat alderdiren aldetik; baina oraindik ez dira jorratu, ezta kendu ere, Estatuko botereek orain arte aipatu dituzten oztopo nagusiak, alegia, Francoren diktaduran eta trantsizioan egindako gizateriaren aurkako krimenak ikertu eta epaitu ahal izateko oztopoak”, gogoratu dute.

Kereila guztiak, artxibatuak

Azken urteotan, Espainiako auzitegiek ez dituzte onartu eta artxibatu egin dituzte hainbat elkarte memorialistek eta frankismoaren biktimek aurkezturiko laurogei kereila baino gehiago. Horien artean daude, hemen Nafarroan, Iruñeko eta Sartagudako Udalek jarritakoak, German Rodriguezen senideek, Sanferminetako Peñek eta 1978ko Sanferminetako gertakarietan larri zauritutako hainbat pertsonak jarritakoak, eta biktimen senideek jarritako dozenaka salaketak. Auzitegiek, ordea, 1977ko Amnistiaren Legea eta balizko delituen preskripzioa argudiatu dute, eta gizateriaren aurkako krimenen jazarpenari buruzko nazioarteko araudia aplikagarria ez dela erantzun.

Manifestua sinatu dutenek Nafarroako Parlamentuan eta Espainiako Kongresuko nafar ordezkariei eskatzen diete bultza eta erabaki ditzatela beharrezkoak diren ekimen guztiak “Memoria Demokratikoaren Lege berrian behin betiko berma dadin diktaduran eta trantsizioan giza eskubideen urraketa larriak jasan zituzten pertsona guztien benetako babes judizialerako eskubidea”.  Horretarako proposatzen dute 1977ko Amnistiaren Legea aldatu, indargabetu edo deuseztatzea;
Zigor Kodearen erreforma, nazioarteko legezkotasunaren printzipioa txertatzeko;
Espainiako Estatuak gerra-krimenen eta gizateriaren aurkako krimenen preskribaezintasunaren konbentzioa berrestea;
Nafarroako instituzioetan ikerketaren eta egiaren batzordeak eratzea; Gizateriaren aurkako frankismoaren krimenak ikertzea eta auzitaratzea eragozten duten lege-xedapenak aldatzea, Sekretu Ofizialen Legea hain zuzen ere.

Finean, eta “Egia, Justizia eta Erreparazioa” leloari erreferentzia eginez, Memoria Demokratikoaren Lege horren oinarri nagusia Justiziarako eskubidea izan behar dela aldarrikatzen dute, eta elkarte hauen hitzetan azken horrek beste eginbehar hauek daramatza bere baitan: krimenen ikerketa penala egitea, egozte-frogak dituztenak epaitzea eta biktimen erreparazio integrala.

Gehiago