Martxoaren 11an tortura salatzeko manifestazio nazionala deitu dute

Sandra Barrenetxea atxilotu zituzten goardia zibilak epaituko dituzte.

2017-ko otsailak 13

Torturatuak izan diren hainbat herritarrek pasa den larunbatean martxoaren 11an Bilbon eginen den manifestazioaren berri eman zuten. Mobilizazio honen arrazoi nagusia Sandra Barrenetxea tortura salaketaren epaiketa da. Barrenetxeak tortura latzak salatu zituen Goardia Zibilaren eskuetatik pasa ondoren, 2010an. Osotara 9 lagun atxilotuak izan baziren ere, Sandrarena da aurrera egin duen salaketa bakarrak, eta martxoaren 14tik 16ra operatibo horretan parte hartu zuten hainbat guardia zibil epaituko dituzte Bilboko epaitegian.

Donostiako Intxaurrondo koartelaren aurrean bildutakoek tortura eta haren inguruan “ezarritako isiltasun politiko eta mediatikoa” ia gaur arte mantendu izan dela salatu zuten.

“Gaur esan dezakegu isiltasun hori apurtzen ari dela eta urteotan eraiki den errelatoa ere hankaz gora geratzeko urratsak eman dira”, ziurtatu zuten. Zentzu horretan, aipatu zuten Eusko Jaurlaritzaren informean jasotzen denez, herri honetan milaka torturaturen testigantzak egiaztatu ahal izan direla, eta Nafarroako arduradun politiko eta instituzio ezberdinei dei egin nahi zieten EAEko ikerketa moduko bat abiatzeko.

Agerraldian Sandra Barrenetxea bera presente egon zen, eta azpimarra berezia egin nahi izan zuten emakumeek torturatuak izan direnean pairatu duten “eraso bikoitzaz”. “Emakumeon aurkako indarkeria matxista komisaldegietan ere pairatu baitute, torturatzaileen partetik eraso sexistak eta bortxaketak jasan behar izan bait dituzte”, eta gobernu eta komunikabide ezberdinen torturarekiko izan duten konplizitatea ere salatu zuten.

Bukatzeko “salbuespeneko legediak” bertan behera uztea eta torturatuak estatuaren bortizkeriaren biktimak izan direla onartzea eskatu zuten.

Gehiago