Martxoaren 10ean Nafarroako adinekoen arretarako lehen hitzarmenaren aldeko beste greba egun bat

Pasa den asteazkenean izandako greba eguna eta gero, ELAk, UGTk, LABek eta CCOOk beste greba egun bat deitu dute adinekoen arretaren sektorean, patronalek mugitu gabe jarraitzen dutelako eta Nafarroako Gobernuak ez duelako bere gain hartzen diru publikoarekin eutsitako sektore batean duen erantzukizuna.

2022-ko otsailak 25

Sektorean ordezkaritza handiena duten lau sindikatuek (ELA, UGT, LAB eta CCOO) beste greba deialdi bat iragarri dute martxoaren 10erako adinekoen arretaren sektorean.

Sektore horretan 4.500 pertsonak baino gehiagok egiten dute lan, Nafarroako 70 zentro ingurutan banatuta. Mendekotasuna sektore “estrategikoa da, gero eta garrantzitsuagoa”, gogoratzen dute sindikatuek. Horregatik, beharrezkoa jotzen dute “administrazio publikoek beren gain hartzea kalitatezko zerbitzuak emateko duten erantzukizuna, eta mendekotasunaren sektorea babestea, adinekoen eta mendeko pertsonen arretaren zerbitzuarekin bateraezinak diren enpresa-ereduen aurrean”.

Negoziazio mahaiko lau sindikatuek argi dute lan-baldintza duinek soilik ziurtatzen dituztela zerbitzu duinak eta kalitatezkoak, eta horregatik hasi ziren 2021eko maiatzean Nafarroako hirugarren adinekoen zentroen sektoreko lehen hitzarmena hitzartzeko negoziazioak.

“Hirugarren adinekoei arreta emateko Nafarroako lehen hitzarmenaren inguruan izandako azken bilerak negoziazioa blokeatuta dagoela oraindik erakutsi zuen: patronala, negoziaketan jarrera aktibo bat izatetik urrun, ikusle soil gisa mantentzen da, eta Nafarroako Gobernuak ez du bere gain hartzen diru publikoarekin oinarritutako sektore batean duen erantzukizuna”, adierazi dute sindikatuek ohar batean.

Egoera horren aurrean, ELAk, UGTk, LABek eta CCOOk borrokatzen eta presioa egiten jarraitzea erabaki dute, eta beste greba egun bat deitu dute martxoaren 10erako.

Gehiago