Martxan da Gazte Mugimenduak antolatutako kanpaldia Altsasuko gazteekiko elkartasunez

Arratsaldeko bostetan hasi dira gazteak Boskecillo gunean dendak jartzen. Buruberoki tailerra egin dute eta ondoren bertso saioaz gozatu ahal izan dute bertaratutakoek. Gaua bertan pasatzeko deia luzatu diete Iruñerriko gazteei.

2018-ko ekainak 14

Iruñeako Boskecillo gunean arratsaldeko bostetan hasi dira koloretako kanpin dendak agertzen. Hasieran gutxi baziren ere gero eta gazte gehiago hurbildu da Iruñerriko gazte mugimenduek antolaturiko elkartasun gunera, Altsasuko kasuan atxiloturiko gazteei elkartasuna eta babesa adieraztera.

 Altsasuko gazteen aldeko pankartak egiteaz gain, buruberoki tailerrean parte hartzeko aukera eduki dute bertaratutakoek, koloretako oihal, luma eta purpurina artean. Ondotik, 19:30ean hasi da bertso saioa, Oihana Iguaran, Irati Majuelo, Aitor Servier eta Joanes Illarramendi bertsolari gazteekin. Txalo eta algara artean pasa da saioa, eta jende ugari izan da bertan.

 Gauean afaria izango dute gazteek, bertan pasako dute gaua, eta bihar ekingo diote berriro ere egitarauari. Iruñerriko zein Euskal Herriko gazteei dei egin diete Altsasuko gazteekiko elkartasuna adieraztera eta sortu duten elkartasun gunera hurbiltzera

Gehiago