Manifestazio batekin borobildu dute NUPeko ikasleek euskaraz ikastearen aldeko kanpaldia

Asteartetik kanpaldian izan dira Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleak, Euskara Taldea gidari, ‘Euskara gaia, bada garaia! Unibertsitatea euskaraz orain!’ leloarekin. Arrosadiako campusean egositako ideia truke, gogoeta eta gogoari manifestazioak eman dio azken irakinaldia.

2021-ko azaroak 6

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleek kanpaldia egin dute aste honetan euskaraz ikasi nahi dutela adierazteko. Lau egunez
solasaldiak, protestak eta gozamena uztartu dituzte Arrosadiako campusean. Eta
larunbat honetan Iruñeko Baratxurien plazan hasita egin duten
manifestazioarekin borobildu dute ekimena. Ehunka lagun ibili dira hiriburuko
kaleetan barna, Unibertsitate euskaldun baten alde.

Nabarmendu dutenez, ikasle
mugimendu osoak egin du bat martxarekin zein kanpaldiarekin.
Beraz,
«argi gelditu da ikasle komunitatearen babes handia duela euskaraz ikastearen
aldeko borrokak».

NUPeko talde feminista, neska gazte ikasleak, Akelarre emakume taldea, Ernai,
Ikasle Abertzaleak, Ikasleok Martxan Nafarroa eta Unibertsitateko Indar
Batasuna elkartu dira gaur egun Unibertsitate honetan euskara «hirugarren
mailako hizkuntza» dela irmoki salatzeko. «Lehenago hauspotzen du ingelesa
euskara baino», baieztatu dute.

Gehiago