Manifestazio bat deitu dute Sarbil mendian jarri nahi duten proiektu fotovoltaikoaren aurka
2025-ko abenduak 2
Cabezón de Etxauri Bizirik taldeak deitu du manifestazioa “Sarbilen planteatzen ari diren makroproiektu energetikoen aurka”. Proiektu horiek Azantzan aurreikusita dagoen proiektu eolikoa eta Etxaurin jarri nahi den 62 hektareako proiektu fotovoltaikoa. “Ingurunea, mendia eta lurraren ondare naturala babesteko” antolatu direla azpimarratu du ekimenak, eta abenduaren 13an eguerdiko 13.00etan eginen den manifestazioan parte hartzera deitu ditu bizilagunak.
“Makroproiektu honen planteamendua erabat okerra iruditzen zaigu ikuspegi guztietatik: Sarbil mendilerroa ez da horrelako jarduera industrialak gauzatzeko toki egokia, onartezina da hemengo aberastasun natural eta ingurumenekoa suntsitzea, eta 62 hektareako tamaina, 100 futbol zelairen baliokidea, guztiz neurrigabea da. Etxauriko bailaran ere ez dago horrelako zerbaiten benetako beharrik, jada energia berriztagarriz hornitzen baikara Iberoko eta Etxauriko zentral hidroelektrikoekin, eta beste instalazio partekatu edo indibidualekin”, esan dute plataforma honetatik.
“Makroproiektu honen kudeaketa gardentasunik eta herritarren babesik gabe” egin dela ere salatu nahi izan dute. “Etxauriko Udalaren opakutasuna salatu nahi dugu, ez gaituelako negoziazioen eta hartutako erabakien partaide egin eta modu independentean jokatu duelako, bailara kontuan hartu gabe”, dio oharrak.
Sarbil mendia Paisaia Berezi gisa baloratutako ingurune natural babestu bat dela gogoratu dute, eta proiektu honek izango zituen ingurumen-afekzio “izugarriak” nabarmendu dituzte. “Nafarroako Gobernuak proiektua onartuz gero, habitat, flora, fauna eta biodibertsitate itzela suntsituko lituzke”, dio herritarren ekimenak. “Horrelako proiektuak onartezinak dira ingurumenaren ikuspegitik, eta ondorio konponezinak dakartzate kosta ahala kosta babestuta egon beharko luketen interes naturaleko lekuetan”.
Iragarri dutenez, sinadura bilketa bat egingo da Etxauriko Udalean entregatzeko eta makroproiektu honen aurka agertzeko.

