Maiatzaren 7an sakabanaketaren aurkako hitzordua Larrabetzutik Bilbora

Mirentxin gidari solidarioek mobilizazio original bat antolatu dute. Sakabanaketaren amaiera exijitzeko Larrabetzutik Bilboraino furgoneta ilara eginen da, euskal preso eta euren senideei elkartasuna adierazteko. Ondoren, Larrabetzun, egun osoko egitaraua eta kanpaldia prestatu dute.

2016-ko apirilak 21

Sakabanaketa eta sakabanaketak sortutako ondorioak salatu eta berauek eramangarriago egitean sortzen den aurrekaririk gabeko elkartasun keinua erakutsi eta omenduko du Mirentxinek datorren maiatzaren 7an.

Ekimen honekin sakabanaketarekin amaitzeko premia eta beronek sortutako ondorioak ikustarazi nahi dira. Horretarako, Larrabetzun hasi, Bilbo zeharkatu eta Larrabetzun bukatuko den furgoneta martxa bat burutuko da. Martxa horretan gutxienez preso bakoitzeko furgoneta bat joango da astebururo errepideetan egoten diren senide eta lagunen erakusgarri; eta horrez gain, ibilbidean zehar, ondorio horiek ikustarazteko ekimen desberdinak egingo dira. Ondoren, Larrabetzun egun osoko jai egitaraua antolatu dute.

Sakabanaketa 1987. urtean jarri zuten martxan, euskal presoak Euskal Herritik urrunduz eta espetxe barruan sakabanatuz, isolamendua areagotzeko. “Nazioarteko legediaren aurka doan urrunketa hau, preso, euren senide eta lagunentzako zigor gehigarria da: euren inguru sozial, afektibo, politiko, kulturaletatik urruti egoteaz gain, astero-astero hainbat kilometro egiteak ondorio latzak ditu euskal preso politikoen senide eta lagunentzat”, gogoratu du Mirentxin Gidariak. Zentzu horretan, azpimarratzekoak dira errepideetan gertatutako hamaika istripu eta berauetan hildako eta zauritutako senide eta lagunak. Istripu horien ondorioz, 16 dira errepideetan bizitza galdu duten senide eta lagunak eta ehundaka zaurituak. Bestalde, presoen senide eta lagunek astebururo-astebururo egin beharreko milaka kilometro eta horrek sortutako arriskua eta kostu ekonomiko zein emozional eta psikologikoa salatu nahi dituzte ekimen honekin.

Sakabanaketa horrek senide eta lagunengan dituen ondorio laz-garriak arintzeko asmoz, sortu zen Mirentxin Gidariak. “Gure helburua astebururo-astebururo ehundaka kilometro egitera behartuta dauden euskal preso politikoen senide eta lagunei laguntzea da. Horretarako, hainbat bolondresez osatutako elkartea da Mirentxin, ahal den neurrian, inor bisitarik gabe ez geratzeko elkartasun keinua”.

Baina, gidari izatea ez da bete nahi den helburu bakarra: alde batetik, istripu arriskua gutxitu egiten da kotxe gutxiago badabil errepideetan; bestetik, senide eta lagunei bidaian lasai joateko aukera eskaintzen zaie, gidatzeaz ahaztu eta bisitan pentsatzeko aukera izan dezaten; eta azkenik, senideei euren arteko harremana estutu, elkar ezagutu eta esperientziak elkartrukatzeko aukera ere eskaini nahi zaie.

Mirentxin Aurrekoetxearen omenez du izena gidari taldeak. Mirentxinek Algeciraseko espetxean zuen bere senarra preso eta ez zuen modurik bera ikustera joateko. Egoera hau ikusita, gaur egun ere gidari den kide batek bere kotxea hartu eta beroni laguntzeko hautua egin zuen. Horrela, poliki-poliki Mirentxinen egoera arintzeko lagun saretxo bat osatzen hasi zen. Hala ere, berehala konturatu ziren, tamalez, Mirentxinek bizi zuen egoera ez zela kasu isolatu bat, Euskal Presoen Kolektiboa osatzen duten kide guztien senide eta lagunek bizi duten egoera orokor baten isla baino. Hori horrela, jauzi bat gehiago eman eta kotxeetatik gaur egun Mirentxinen sinbolo den furgonetarako urratsa eman zen, pertsona gehiago mugitzeko modua, ibilgailu gutxiago errepidean izateko bidea.

Egun bederatzi furgoneta eta 850 gidari bolondres ditu elkarteak, astebururo-astebururo frantziar eta espainiar estatuetako 14 kartzelatara presoen senide eta lagunak eramaten dituzten 850 bolondres. Baina horiez gain, ezin dute ahaztu, elkatasun keinu hau posible egiteko beharrezkoa den koordinazio lanetan ari den jendea, furgoneten manteinu lanak egiten dituena…

Sakabanaketari egunero aurre egiten diete guzti horiei omenezko eguna izanen da, bai, baina baita ere Mirentxin Gidariei egiten duten lana eskertzeko aukera paregabea.

Gehiago