Maiatzaren 13an VI Euskal Jaia ospatuko da Iruñeko Alde Zaharrean

Iruñerriko Euskal Jaia Iruñerriko eskualdearen euskal kulturaren alde lan egiten duten talde eta pertsonen arteko topagunea da. Euskal kultura eta nortasuna aldarrikatzeko aukera alaia eta koloretsua bihurtu da dagoeneko.

2017-ko maiatzak 4

“Iazkoa borobila izan zen”, aipatu dute antolatzaileek, eta aurtengoan pasa den urtean montatu zen karpa montatuko ez bada ere, jardueraz beteriko eguna antolatu dute.

Hala, goizean animazioa izanen da Alde Zaharreko karriketan barna, eguerdian ekitaldia eta bazkaria, arratsaldean kontzertuak eta dantzaldia, eta gauez ere kontzertuak.

Aurtengo leloa “Gureari eutsi” izanen da. Bi zentzu izanen ditu leloak. Alde batetik, euskal kultura eta identitatea defendatzeko arrazoirik ez dela falta azpimarratu nahi izan dute. “Batzuek, modu interesatuan, buruz buru jarri nahi dituzte euskal identitatea eta nafartasuna. Guk ozen aldarrikatu nahi dugu euskaldun izatea nafar izatearen sinonimotzat dugula. Ez dira identitate kontrajarriak, osagarriak baizik”, eta bestalde, “gureari eusteko esanez, gure euskal jaiari eusteko beharra karrikaratu nahi dugu”. Izan ere, antolakuntzan oso jende gutxi dagoela ohartarazi dute, eta horrelako egun bat aurrera eramateko zailtasun handiak dituzte. “Instituzioen eskutik ez dugu inolako laguntzarik jasotzen, eta, beraz, herritarren laguntza behar-beharrezkoa da euskal jaiak iraun dezan”, aipatu dute. Herritarrei baserritarrez janzteko gonbitea luzatu diete.

Egun osoko egitaraua
Aurtengo euskal jaia berotzen hasteko, ostegunean (maiatzaren 11n) kantaldia eginen da Baztan tabernan. 21:00etan izanen da, eta euskal kantak jo eta abesteko arratsa izanen da.
Dena den, egunik garrantzitsuena larunbata izanen da. Goizeko 10:00etan gosari herrikoia eginen dute taldeek Muthiko Alaiak peñan eta Ortzadar folklore elkartean. Ondoren, Iruñerriko dantzari, erraldoi eta joaldunak kalejiran aterako dira, baita trikitilariak, gaiteroak eta fanfarreak ere. 12:30ean Udaletxean bilduko dira denak ekitaldi nagusirako. Aurretik, 12:00etan, erraldoiak dantzan ariko dira plaza horretan. 13:00etan, Larraindantza eginen da.

Eguerdian herri bazkaria izanen da Santa Ana plazan, eta ondoren, bazkalondoa Ostatu Ibiltaria taldearekin. Arratsaldean bi giro banatu dituzte Carmen eta Caldereria karriketan. Lehenbizikoan dantzaldia izanen da Gathübi taldearekin 18:00etatik aurrera, eta Herriko Tabernaren laguntzarekin eginen dute. Bigarrenean bestelako kontzertuak izanen dira 17:00etatik aurrera: Juaja, Damak eta Txotakabra taldeak, hain zuzen ere. Azken hauek Caldereriako tabernek antolatu dituzte. Dantzaldia bukatutakoan, kalejira eginen da Jarauta tabernaraino, eta bertan izanen dira azkenengo kontzertuak 22:00etatik aurrera: Bastart Kowboys, Txarros Txilapastrosos eta Ahuntzape.

Jarduera hauek guziak antolatzeko ezinbestekoa izan da Alde Zaharreko hainbat tabernaren babesa, baita kultur taldeetako boluntarioen lana.

Egitaraua:
10:00etan herri gosariak Muthiko Alaiak peñan eta Ortzadar elkartean.11:00etan kalejirak Alde Zaharreko karriketan barna. Dantzariak, joaldunak, erraldoiak, trikitilariak, txarangak, fanfarreak…12:00etan erraldoien topaketa Udaletxe plazan.12:30etan ekitaldi nagusia Udaletxe plazan.15:00etan herri bazkaria Santa Ana plazan, bazkalondoan Ostatu ibiltaria taldea. 17:00etan kontzertuak Caldereria karrikan: Juaja, Damak eta Txotakabra.18:00etan dantzaldia Carmen karrikan: Gathübi taldea.22:00etan kontzertuak Jarauta tabernan: Bastart Kowboys, Txarros Txilapastrosos eta Ahuntzape.

Gehiago