Luis Mariñelarena preso politiko etxarriarraren bi lagunek istripua izan dute bisita egitera joaten zirenean

Jon Mirena San Pedro Blanco preso politikoaren bi lagunek ere istripua izan zuten larunbatean. Etxerat elkarteak asteburu honetan izandako bi istripu salatu ditu eta kontzentrazioak antolatu ditu sakabanaketa politika salatzeko.

2019-ko otsailak 3

Curtiseko espetxean (Pontevedran, bere etxetik 700 kilometrotara) dagoen Luis Mariñelarena preso politiko etxarriarraren bi lagunek istripua izan dute, asteburu honetan sakabanaketak eragiten duen bigarren istripua izanda, urte honetako laugarrena. Ezbeharra goizeko 10:30ak aldera gertatu da, Cantabria inguruan kazkabarra hasi denean. Euskal presoaren lagunen kotxeak irrist egin du eta beste kotxe bati kolpea jo dio; ondoren hesiari. Denak onik atera dira eta Luis Mariñelarenaren bi lagunek bidaia jarraitzea lortu dute, bisita burutuz. Larunbatean Jon Mirena San Pedro Blanco preso politikoaren bi lagunek istripua izan zuten bisita egin ostean etxera bidean. Bertan artatuak izan ziren eta kotxearen egoera txarraren ondorioan taxian bueltatu ziren etxera.

Etxerat elkarteak istripu berri hauek salatu nahi ditu, azpimarratuz “zoriak ekidin duela” ezbehar honen ondorioak larriagoak ez izatea eta gogorarazi nahi du istripu hauen erantzukizuna “dispertsio politikaren kudeatzaile eta bermatzaileena” dela. “Astebururo, bisita dagoenean, euskal preso politikoen senide eta lagunak bidai luzeak egitera behartuak daude; hauek espetxera iristeko egin behar duten distantzia, errepidearen egoera eta ezarritako ordutegiei erreparatu gabe”, salatu dute.

Etxerat elkarteak euskal gizarteari, eragile eta erakunde ezberdinei mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen die, “dispertsioarekin behingoz amaitu arte”. Astelehenean Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren aurrean elkartuko dira, arratsaldeko 20etan, eta  otsailaren 8an, ostirala, arratsaldeko 20:00etan, Etxarri Aranazko plazan beste mobilizazio bat eginen da.

Gehiago