Luhuso eta Gernika lotuko ditu Sare-k txirrindula martxa batekin espetxe politikaren amaiera exijitzeko
Uztailaren 19tik 21era Sare Herritarrak antolatutako bizikleta itzulia aurkeztu dute gaur Gernikan. Mobilizazio berri honen helburua "biktima guztiak eta espetxeen auzia askatuko duten akordiorik gabe" Euskal Herrian ezin dela "bake integral eta egiazkoaz" hitz egin gogoratzea izanen da.
2019-ko ekainak 4
Orain Presoak dinamikaren baitan kokatzen den bizikleta martxa honekin, pedalkadaz pedalkada, elkarbizitzaren eta bakearen aldarria zabaldu asmo du Sare Herritarrak. “Uztailaren 19tik 21era elkarbizitzaren eta bakearen sinbolo diren bi herri batuko ditugu; Luhuso eta Gernika. Luhuso, non ETAren armagabetzea eta disoluzioa ahalbidetzeko lehen urratsak eman ziren, gizarte zibilaren konpromisoaren sinbolo bilakatu dena eta Gernika, bizikidetzaren eta bakearen eredu eta sinbolo”.
Gaur egungo espetxe politikarekin amaitu eta salbuespen neurriak, behin betikoz, bertan behera uztea izanen dira aldarrikapenak. Hauek izango dira etapak:
uztailak 19: Luhuso-Zarautz
uztailak 20: Zarautz-Lekeitio
uztailak 21: Lekeitio-Gernika
Bizikleta martxaren gaineko informazio guztia eta izen emateko aukera Sare Herritarra-ren web orrialdean eskeintzen da: www.sare.eus/bizikleta-itzulia/