Lezkairuko ikastetxe berrian euskarazko murgiltze eredua ezartzea eskatu du Sortzenek
Ikastetxe bat eraikiko da Iruñeko Lezkairu auzoan. Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuaren akordioaren emaitza da ikastetxe berri honen eraikuntza, eta Euskal Eskola Publikoaren aldeko Sortzen elkarteak pozez hartu du albistea, baina aldi berean kezkatu agertu dira bertan ezarriko den hizkuntza ereduaren inguruan. Euskarazko murgiltze ereduko lerroak eskatu ditu Sortzenek.
2021-ko otsailak 10
Gaur jakin dugu, Iruñeko Udalak eta hezkuntza departamentuak hitzarmena sinatu eta Ikastetxe berria eraikiko dutela Lezkairun. Ikastetxe berri baten eraikuntzak berez ez gintuen kezkatu behar. Baina, albiste honek kezkatzen gaitu, eta gaurkoan kezka hori azaldu nahi dugu, izan ere, haur hezkuntzako 4 lerro irekiko dira, eta gainera aurrera begira 5. lerro bat zabaltzeko aukera izango dela esaten da. Eta gure galdera da: horietatik zenbat izango dira euskarazko lerroak? Zein ikas-eredu ezarriko da ikastetxe berri horretan?
Sortzenek, ohar honen bidez, hezkuntza departamentuari euskarazko murgiltze ereduaren aldeko apustua egitea eskatu nahi dio. Iruñeko belaunaldi berriek Nafarroako berezko hizkuntza den euskaraz ikasi ahal izatea, eta, ondorioz, Lezkairuko ikasleen eskubideak bermatzea. Ez dadila gertatu hizkuntza eskubideen beste urraketa bat.
Arduraz jokatzeko unea da, belaunaldi berrien etorkizuna jokoan dago. Ikasleen garapenerako aukerak ahalik eta zabalenak izatea nahi dugu, murrizketarik gabe, Nafarroako berezko hizkuntza baztertu gabe. Horregatik, gure hezkuntza sistemak ikasle euskaldun eleaniztunak hezi behar ditu. Hori baita, aniztasunari, elkarbizitzari zein etorkizunari bide emateko aukerarik onena.