Lesakako garraiolari bat hil da lan istripu batean, 2024ko hamaikagarrena
Atzo, 56 urteko J.R.M.M. garraiolari lesakarra hil zen lanean Irunen, kamioia kargatzen ari zela. Transportes Etxetrans 2000 enpresako langilea zen. 2024. urtean 11 garraiolari hil dira lanean dagoeneko, horietariko asko, azken hau bezala, bihotzekoak jota. Atzokoarekin, gutxienez 54 laneko heriotza izan dira urte hasieratik Euskal Herrian.
2024-ko azaroak 12

Garraiolarien artean aldiz, lan istripuen %75a ez traumatikoak bezala sailkatzen ditu LAB sindikatuak, hau da, gaixotasun batengatik eragindako ezbeharrak. Azken urteetako datuek garraioan istripu ez traumatikoen intzidentzia handiagoa dela erakusten dute. “Honek adierazten du garraiolarien lan baldintzek istripu kardiobaskularretan duten eragin zuzena, lanpostuen prekarizazio etengabea tarteko”, dio sindikatual.
Garraioaren sektorea da laneko ezbeharren gaitza gehien pairatzen dutenetako bat. “Iaz 10 garraiolari hil ziren lan-istripuz, aurten dagoeneko kopuru hori gainditu da. Ez gara nekatuko lan-istripuak lan-baldintza txarren eta prebentzio eta segurtasun-neurri faltaren ondorio direla salatzeaz. Oso prekarioak dira garraioaren sektoreko lan-baldintzak, lanaldi luzeak, estresa, presioak, garraioagatik ordaintzen duten prezio baxua, lan baldintzen eraginez modu osasuntsuan elikatzeko zailtasunak, adinaren eragina, etab. Horregatik diogu garraioaren sektorean gertatzen diren lan-istripu gehienak guztiz ekidin daitezkeela, eta horretarako borondate politikoa baino ez dela behar, garraiolarien lan-eskubideak bermatzeko eta errespetatzeko neurriak jartzeko, baita erakunde publiko eta enpresa guztien inplikazioa ere”.