Lekarozko Aroztegia jauregiko obrak gelditu dituzte eta desobedientziaren bidez proiektuari aurre egiteko deia zabaldu dute
Baztango Gazte Asanblada eta Aroztegia eta gero zer? plataformako kideek Lekarozen abiatu diren Aroztegia proiektuaren obrak gelditu dituzte. Baztango herri honetan golf zelai bat, hotela eta urbanizazio bat eraiki nahi dute bertako jendea eta instituzioen protestak kontutan hartu gabe. Proiektu honek zonaldean izanen dituen eragin negatiboak direla eta, obrak hasi diren une berean proiektuaren aurkako mobilizazioak hasi dira.
2021-ko apirilak 8
Aroztegia…eta gero zer? plataformak eta Baztango Gazte Asanbladak prentsara igorritako ohar batean adierazi dutenez, “Aroztegia proiektu txikitzailea gure ingurua, hizkuntza, kultura eta bizimodua desagerrarazteko helburuarekin egin nahi dute” eta gogorarazi dute “Lekarozko herriak, Baztan osoak eta Nafarroako hainbat eragilek” proiektuaren aurka azaldu direla askotan. Nafarroako Gobernuaren “jarrera inposatzailea” salatu dute, “espekulazioa eta iruzurra” helburu duten enpresen mesederako, herritarren “erabakitzeko eskubidearen gainetik”. Horregatik, euskal herritar guztiei deia luzatu diete hurrengo egunetan “gure lurra, hizkuntza, kultura eta bizimoduaren alde” antolatuko dituzten mobilizazioetan parte hartzera.
Hotel Palacio de Arozteguía Baztan Curio Collection by Hilton
Izen hori hartuko du XIV. mendeko Lekarozko jauregiak, “turismo integrala” eskaintzeko, Sabadell bankuko aholkulari eta Aroztegia proiektua sustatu duen enpresari Salvador Urbistondoren hitzetan. 126 logeladun eta lau izarreko hotelarekin batera, 226 etxebizitzako urbanizazioa, golf zelaia, fitness zonaldea, igerilekua, “spa-weelnnes” zonaldea eta lorezaintza eskola bat ere izango ditu. “Goi mailako” turistentzako eskaintza izanen dela iradoki dute sustatzaileek.