Leitzako Torraspapel lantegian greba mugagabeari hasiera eman diote gaur
Gaur goizean piketeak egin dituzte enpresaren sarreran Guardia Zibilaren zaintzapean.
2022-ko otsailak 23
#TorrapapelBorrokan
Beikoak greba zapuztu nahian.
Gora langileon Borroka! pic.twitter.com/8LdrE1YKnF— LAB SAKANA-LARRAUN-LEITZA (@lab_sakana) February 23, 2022
Atzo goizean komiteak Torraspapeleko zuzendaritzarekin egitekoa zuen bilerak ez zuen fruiturik eman, eta langileek greba mugagabea abiatzea erabaki zuten, komiteak ohar bidez jakinarazi zuenez, «lan hitzarmenaren negoziazioak duen blokeo egoera gainditu asmoz». Atzo goizean eta eguerdian egin zituzten batzarrak, eta bozketan nabarmena izan zen horren aldeko hautua.
«Lan hitzarmen duina» eskatuz bost greba egun egin dituzte Leitzako Torraspapel lantegian: ilbeltzaren 30ean, otsailaren 2an, 5ean, 8an eta 12an. Jarraipen zabala izan dute guztiek «lantokia erabat gelditzea» lortu dutelako eta horrez gain, «elkarretaratze jendetsuak» egin dituzte.
Langileek argi erabaki dute greba mugagabea hastea, heren egun zuzendaritzaren eta komitearen arteko bilerak ez duelako aterabiderik eman. LABek (bederatzi ordezkari) eta ELAk (lau ordezkari) osatutako enpresa komiteak azaldu zuenez, «negoziazioak ez aurrera ez atzera gelditu direnean eta blokeo egoera nabaria denean» egin dute grebarako deialdia.
380 langileko erroldatik 286 lagunek parte hartu zuten atzoko bozketan, eta 258 langilek greba mugagabeari baiezko botoa eman zioten, 19k ezezkoa, zazpi boto zuri izan ziren eta bi baliogabeak.