Larragako 12 familiek herriko eskolan D ereduaren irekiera eskatu diote Hezkuntzari

Larragako hainbat familia eta herritar batu dira Hezkuntza Departamentuari San Miguel eskolan D ereduaren irekiera eskatzeko. Azken urteetan, Larragako eskolaren matrikulazioa gainbeheran joan dela nabarmendu dute, eta euskarazko irakaskuntza lerroa irekitzeak herriko eskolaren biziraupena eta garapena bermatu dezakeela. Uztailean, eskaria luzatu zuten, baina salatu dutenez, oraindik ez dute erantzunik jaso. Larragak etorkizuna herrian eta euskaraz eraiki nahi duela aldarrikatu dute.

2022-ko urriak 19

Larragako hainbat familiak eta herritarrek, Sortzen Guraso Elkartea eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiko ordezkariekin batera, San Miguel ikastetxe publikoan D eredua ezartzeko eskaria luzatu diote Nafarroako Gobernuari.

Izan ere, bere garaian Mendigorrian egin zuten bezala, gaurkoan Larragako eskola publikoan euskarazko murgiltze ereduaren zabaltzea nahi dute.

Herriko haurrek, hainbat hamarkadatan, euskaraz ikasteko herritik kanpora joan behar izan dute. Herrian bertan eskola publiko bat izan arren, hainbat familiek aukeratu behar izan zuten: haurrek euskaraz ikas zezaten Tafallara eramatea, ala herriko eskolara eramatea, euskarazko irakaskuntzari muzin eginez.

Familien esanetan, “betiko dikotomian uzten gaituzte beraz, euskaraz ikasteko eskubidea dugula esaten zaigu baina gure eskubidea beti baldintzatua dago eta ezin dugu euskara berdintasunean ikasi”. Aurten 12 familiak herriko ikastetxe publikoan D ereduaren irekiera eskatu dute, eta horretarako, uztailean instantziak erregistratu zituzten Hezkuntza Departamentuan. “Oraindik ez dugu erantzun ofizialik jaso, eta ostegun honetan bilera izango dugu Gil Sevillano Hezkuntzako Zuzendari Nagusiarekin. Kontuan izan behar dugu otsailean aurrematrikulazio epea hasiko dela eta ez dugu beste herri batzuetan eman den egoera berbera errepikatzerik nahi: garaia heldutakoan, ezin izan zituzten beraien haurrak herriko eskolan D ereduan aurrematrikulatu”, gogoratu dute.

Hezkuntza Departamentuari gogoratu nahi izan diote haurren eskolaratzeko lehen urtetik lerroa ireki ezean, ondoren familien hautua eta egoerak baldintzatuko ditu edozein aldaketa egitea, horregatik ez dute aukera hau galdu nahi eta hurrengo ikasturterako D ereduaren irekiera eskatzen dute. “Gure eskubidea izateaz gaindi, besteak beste 18/1986 Foru Legean ezarritakoen aplikazioa ere eskatzen dugu. Hezkuntza Departamentuak 2023-2024 ikasturtean gure haurren D ereduko matrikulazioa ahalbidetzeko dagozkien neurriak martxan jartzeko betebeharra du”, azpimarratu dute.

Larragako eskolaren etorkizuna bermatuko duen ereduak

12 familien hauen eskariak, hurrengo belaunaldien euskaraz ikasteko eskubidea bermatzeaz  gain,  herri txiki honen eskolaren biziraupena ere bermatu nahi du. Izan ere matrikulazioa gainbeheran joan da azken urteetan, eta euskarazko irakaskuntza lerroa irekitzeak herriko eskolaren biziraupena eta garapena bermatu ditzake, familien esanetan. “Larragak etorkizuna herrian eta euskaraz ere eraiki nahi du”, aldarrikatu dute.

Gehiago