Langileak haserre agertu dira hitzarmenaren aldeko 22. greba egunean

2024-ko urriak 23

Badira 3 urte Nafarroako sektore mailan lan baldintzak arautuko dituen lehen hitzarmena lortzeko negoziazioak hasi zirela, eta Gobernuak negoziazioan edozein aurrerapen blokeatzen, enpresa pribatuen eta funts putreen alde jarriz eta protestak isilarazteko % 100eko gutxieneko zerbitzuak ezarriz jarraitzen du.
 
ELAk beste greba egun bat deitu du gaur Nafarroako erresidentzietako sektoreko lehen hitzarmena lortzeko. Sektoreko 22. greba eguna da 2021ean negoziazio mahaia ireki zenetik. Langileek egiaztatu dute lan baldintzak hobetzea ez dela lehentasuna Nafarroako Gobernuarentzat. Diru publikoarekin finantzatutako sektorea bada ere, enpresa pribatuek kudeatzen dute -horietako batzuk funts buitreak-. Gobernuak ez du oraindik lan baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea hobetuko dituen hitzarmena sinatzea ahalbidetuko duen aurrekontu partidarik jarri.
Negoziazioa hainbeste atzeratzen ari da, eta hain baldintza eskasak mantentzen dira, emakumeak direlako zaintzaz arduratzen direnak. Klasearen eta generoaren ikuspegitik, beharrezkoa da langileek hilabete bukaerara iristeko baldintzak lortzea eta lanaldi iraunkorrak izatea. Hitzarmen hau funtsezkoa da lan prekarietateari aurre egiteko eta zaintza publiko, unibertsal eta doakoaren eredu baterantz jotzeko.
Gaurko greba egunean % 100eko gutxieneko zerbitzuak ezarri dira. Ezarpen horrek agerian uzten du Nafarroako Gobernuak uste duela plantillen % 100 dela zerbitzu publiko hau emateko behar den gutxienekoa, hau da, gutxienekoetan daudela, eta hau baliatzen du sektoreko langileak isilarazten saiatzeko ere.
ELAk sektoreko langileentzako eduki zehatzak aldarrikatzen ditu: hileko 1.500 euroko soldatak, urteko 1.592 orduko lanaldia, aldi baterako ezintasuneko bajen osagarria % 100eraino kontingentzia arruntetan, eta hitzarmena egoitza guztietan aplikatzekoa izatea. Eta 2025eko aurrekontua negoziatzen ari diren Gobernuari eta talde politikoei eskatu die horretarako behar diren aurrekontu partidak sartzeko.
Eskubide Sozialen Departamentuaren aurrean goizean egindako kontzentrazioaren ondoren, arratsaldean, auto karabana bat egingo da Lares patronalaren pareraino (Tomas Caballero parkean), 17:30ean. Ordu berean, elkarretaratzea egingo da Tuterako Casa de Misericordiaren aurrean.

Gehiago