Langile bat hil da Agoitzen eroriko baten ondorioz
Tejados Aoiz enpresako langilearen heriotzarekin dagoeneko 12 pertsona hil dira lan istripuetan 2025ean Nafarroan. Heriotzen heren bat enpresariek sahiestu behar zituzten erorikoen ondorioz gertatu da.
2025-ko apirilak 4

Tejados Aoiz enpresako 55 urteko langile bat hil zen atzo 10 metroko altueratik erorita. Gertatutakoaren erantzukizunak argitzeko beharrezkoak diren ikerketak egitea eskatzen dute ELAk eta LABek. Eraikuntzaren sektorean, azpikontratazioa lanen kostu ekonomikoa murrizteko erabiltzen dela azaltzen du ELAk, eta horren ondorioz sektoreko langileek lan-gainkargak eta segurtasun neurrien gabezia pairatzen dituzte egunerokoan. Sindikatuak patronalaren absentismoaren inguruko “diskurtso faltsua” arbuiatzen du ELAk, eta Elkarrizketa Sozialarekin amaitzeko eta Lan-ikuskaritzaren plantilla hirokoizteko eskatzen dio Nafarroako Gobernuari.
LABek argi dauka aldamioen arloko segurtasun-araudia aplikatu izan balitz ez zela lan-istripua
gertatuko. “Arazoa da patronalak ez duela betetzen laneko segurtasunari eta osasunari buruzko
araudia, lan-kostuak merketzeko. Heriotza mota hauek guztiak ekidin daitezke, prebentzio-jarduera
behar bezala kudeatuz, integratuz eta aplikatuz”.
Sindikatu honek jakitera eman duenez, 2024ko irailean honelako heriotza bat izan zen Irunberrin, aldamiotik erorketa baten ondorioz. “Mutualitateak zituen baliabide guztiak erabili zituen lan heriotz hau ukatzeko, hain da horrela, Osasunbideak eginiko autopsia arakatu ahal izan zuela eta hau baliatuz ez zuela heriotzaren laneko jatorria aitortu. Galdera da ea oraingo honetan ere Nafarroako Gobernuak honelako trikimailuak egiten utziko dion enpresa elkateari eta enpresak berak eragindako heriotza ezkutatuko duen”.
ELAren iritziz, egoera honen erantzuleak enpresaburuak eta erakunde publikoak dira. “Datu ofiziale
arabera, Nafarroako enpresetan prebentzioa ez da egiten, edo egiten bada, paper hutsean gelditzen da.
Hala eta guztiz, patronalak absentismoari buruzko bere diskurtso faltsua elikatzen jarraitzen du, eta
Nafarroako Gobernuak uko egiten dio inolako zehapen neurri ezartzeari. Berriz ere, batzuen zigorgabetasuna eta besteen konplizitatea eskutik doaz”.
Bai ELAk eta bai LABek salatu dute otsailaren Nafarroako Gobernuak CEN patronala eta UGT eta CCOO sindikatuekin adostutako Enplegu Plan berria. “Plan horren bidez, datozen urteetan miloika euro bideratuko dira erakunde horien jarduera finantzatzera, ezaguna den arren, azken hamarkadetan zehar gisa horretako neurriak erabat ez-eraginkorrak izan direla laneko heriotzen gorakadari aurre egiteko. ELArentzat guztiz onartezina da hori”. Hori dela eta, Elkarrizketa Sozialaren politikekin amaitu eta erabat kolapsatuta dagoen lan Ikuskaritzaren plantilla 45 pertsona arte indartzeko eskatzen du ELAk.
LABek dio Nafarroako Gobernuak horrelako istripuen aurrean “neurriak hartu beharrean, Enplegu Plana adostu du CCOO, UGT eta heriotzak eragiten dituen CENekin, hauei milioiak banatuz. Lan istripuak zigortu beharrean diruz saritzen ditu, alegia”.