Lan istripuak ekiditzeko neurri gehiago eskatu dizkio ELAk Nafarroako Gobernuari
ELAk elkarretaratzea egin du Nafarroako Gobernuaren aurrean joan den astean lau pertsona lan istripuetan hil zirela salatzeko. Ezbehar-tasa handia hau "enpresek prebentzio araudia sistematikoki urratzen dutelako" dela salatu du ELAk, eta Gobernuari leporatu dio ikuskapen-bitartekoak ez handitzea "Elkarrizketa Sozial ez eraginkor baten alde eginez".
2024-ko urtarrilak 23
Urtarrilaren 10ean, lehen sektoreko langile bat hil zen Funesen, nekazaritza lanetan ari zela. Pasa den urtarrilaren 15ean, beste langile bat hil zen altueratik erorita, etxebizitza bateko estalkia eraberritzen ari zela, Arriben. Hurrengo egunean, beste langile bat hil zen Azkoiengo Industrias Bardi-ko bere lanpostura zihoala, eta urtarrilaren 17an, garraiolari bat hil zen N-121-A errepidean, Cadreitan, beste ibilgailu baten aurka talka egin ostean. Horren beltza izan da 2024 urteko hasiera Nafarroan lan istripuen atalean. Eta ELAk gogoratu duenez, 2023ko bukaera ere oso latza izan zen. Izan ere, iazko azarotik abendura bitartean, guztira bost pertsona hil ziren lan-istripuz, gehienak altueratik erorita edo harrapatuta “erabateko prekarietate-egoeran lan eginez, eta oinarrizko segurtasun-neurriekin erraz saihets zitezkeenak”, sindikatuaren hitzetan. Horregatik gaur elkarretaratzea egin du ELAk, Nafarroak “laneko ezbeharrek markak hausten” jarraitzen dutela salatzeko.
“Egoera horren atzean patronalaren zigorgabetasuna eta erakundeen konplizitatea daude. Enpresek 30 urte daramatzate prebentzio-araudia sistematikoki urratzen, eta Gobernuak beste horrenbeste egiten du ez-betetze horiek kontrolatzeko beharrezko bitartekoak jartzeari uko eginez. Nafarroan, istripu hilgarrien eta larrien erdiak segurtasun-neurri faltagatik gertatzen dira, eta lan-ikuskaritza kolapsatuta dago langile faltagatik”, azaldu du Imanol Pascual ELAko Idazkariak.
Nafarroako Gobernuari esaktu dio “behingoz uko egin diezaiola laneko segurtasun eta osasunari buruzko Elkarrizketa Sozialaren politikei” eta utz diezaiola diru publikoa Prebentzioko Lurralde Ordezkariaren “figura ez-eraginkorrera” bideratzeari. Lan-ikuskaritzaren eskumena berreskuratzeko eskatu dio Pascualek eta Europako jarraibideak betez honen plantilla hirukoiztea kontrol zorrotzago bat ezarri ahal izateko.