Lan istripu hilgarria Ariben, 2024ko 4. hildako Euskal Herrian
Gaur goizean, Nafarroako Ariben, 42 urteko langile bat hil da eraikuntzan, altuerako erorketa baten ondorioz. Joan zen astean, Gipuzkoako Aginagan kokatuta dagoen Viveros de mariscos Viuda e Hijos de Jerónimo Izagirre enpresan gertatutako altuerako istripu baten ondorioz langile bat oso larri dago. Dagoeneko 2024ak, bere lehen bi asteetan, 4 hildako utzi ditu Euskal Herrian. Sindikatuek elkarretaratzea eginen dute asteazkenean Iruñean.
2024-ko urtarrilak 15
2023an 58 langile hil ziren lan istripuetan Euskal Herrian, eta aurten dagoeneko 4 dira bere bizia utzi duten beharginek horrelako ezbeharretan. Ohikoa denez, sindikatuek istripu guzti hauen atzean neurri prebentiboen eza dagoela salatu dute. Segurtasun bitartekorik gabeko altuerako erorketak ohikoak direla ere maiz salatu dute.
“Nahiz eta altueretako lanek baduten araudi propioa, zorrotza, errealitatean patronalak inpunitate osoz saihesten du langilearen bizitzarako bermeak eskaintzea, araua hautsiz. Honen aurrean administrazioek ez dute nahikoa neurri hartzen eta isunak, istripua gertatu ostean soilik egoten dira, inoiz ez aurretik egondako ez betetzeengatik”, salatu du LABek. ELA, bere aldetik, heriotza mota horiek “erraz saihets” daitezkela uste du “oinarrizko segurtasun-neurriekin”. Hori dela eta, “enpresaburuen zigorgabetasuna amaitzea” eskatzen du ELAk, eta Nafarroako Gobernuari eskatzen dio “berehala, lan-ikuskaritzaren plantilla handitzeko, Nafarroako lantokietan lan-arriskuen prebentzioari buruzko araudia zorrotz betetzen dela kontrolatzeko”. LABek, ildo beretik, patronalaren “inpunitateak” dagoeneko “4 langile erail” dituela salatu du. “Zenbat hildako langile behar ditu patronalak bere diru gosea asetzeko?”, galdetu du sindikatu abertzaleak.
Egoera hau salatzeko eta langileriaren elkartasuna adierazteko, datorren asteazkenean, urtarrilaren 17an, mobilizazioa egingo dute LAB, ESK, STEILAS, EHNE, HIRU eta CGT/LKN sindikatuek, eguerdiko 12:00tan, Iruñean, Gobernuaren egoitzaren aurrean.