LABek txalotu egiten du gobernu taldeek eta EH Bilduk 0-3ko lan-baldintzak hobetzeko sinatutako akordioa
PSN, Geroa Bai, Podemos, Izquierda-Ezkerra eta EH Bildu alderdiek akordioa lortu dute asteazken honetan, 2023rako Nafarroako Aurrekontu Orokorren aurreproiektuan 4,3 milioi euroko partida berri bat sartzeko, haur hezkuntzako lehen ziklorako. LABek positibotzat jo du akordioa sinatzea, zikloa duintzeko beste urrats bat delako.
2022-ko irailak 21
Akordioaren arabera, 2023ko aurrekontuetan behar diren aurrekontu-partida guztiak sartuko dira udal titulartasuneko haur-eskoletako langile guztien eta Nafarroako Gobernuko profesionalen soldata-baldintzak berdintzeko 2023ko urtarriletik aurrera. Era berean, hezkuntza-laguntzako langileen kontratazioa 100 lanalditan handitzeko ere balioko du eta horrek ia Nafarroako eskola guztiak indartzea bermatuko du.
“Ez dugu zalantzarik mobilizazioa eta borroka ezinbestekoak izan direla, Gobernua osatzen duten talde parlamentarioek bere garaian EH Bildurekin lortutako akordioak gauzatzeko konpromisoa har dezaten”, esan du LABek. Sindikatuak ziurtatu du 0-3k Nafarroarako hitzarmen sektorial propio baten alde lan egiten jarraituko duela “hori baita, gure ustez, etorkizunari begira 0-3 ziklo osoarentzat eta sektoreko langile guztientzat lan-baldintza eta soldata duinak bermatzeko modurik errealistena”. Hori lortzeko negoziazio kolektiboaren bidean tematuko direla ere aipatu dute, eta azpimarratu dute “konpromisoa eta mobilizazioa ezinbestekoak” izango direla helburu horiek lortzeko.