LABek salatu du osasungintzaren sindikatu korporatibistek ez dutela kalitatezko osasun-arreta publikoa defendatzen
Sindicato Médico, Satse eta USAE sindikatu korporatibistek batasun sindikala leherrarazi dutela salatu du LABek. Sindikatu abertzaleak otsailaren 18an Iruñean Nafarroako Osasun Plataformak deitutako mobilizazioan parte hartzeko deia egin du.
2022-ko otsailak 4
LAB sindikatuak jendaurrean salatu nahi du SMN, Satse eta Usae sindikatu korporatiboek ez dutela inolako asmorik baterako fronte sindikal bat osatzeko, denon artean osasun publikoa eta langileen lan baldintzak defenda ditzagun. Joan den asteartean, hilaren 1ean, sindikatuen arteko bileran, sindikatu horiek baztertu egin zuten gainerako sindikatuekin edo Nafarroako herritarrekin batera aritzea kalitatezko osasun-arreta publikoa bermatzeko aurrekontu duinak eta lan hobekuntzak erreklamatzeko. Afapnaren eta UGTren erantzuna ere epela izan zen.
LAB sindikatutik, langileek egindako laguntza-deiari kasu eginez, Osasunbidean batasun sindikala lortzen saiatu ginen, era horretan Nafarroako Gobernuari eta Osasunbideko gerentziari eskatzeko har ditzatela berehalako neurriak – bai aurrekontu arloan, bai langileria arloan– Osasunbideak dituen arazo larrienak arintzeko, hots: defizit larriak oinarrizko osasun laguntzan, itxaron-zerrenda amaigabeak, eta lan-baldintzen okertze prozesu nabarmena.
Gure sindikatuak mobilizazioak egiteko premia larria dagoela proposatu du hasiera-hasieratik, baina, plantilla defendatzeko orduan, beste sindikatuen erantzuna postureo hutsean geratzen da. Gutxiengo baten defentsan mugitzen dira bakarrik. Beren argudioak eta jokabidea oso eztabaidagarriak diren interes batzuen menpe daude, eta, horrela, Osasunbideko langile gehienak ezpataren eta hormaren artean jartzen dituzte.
Onartezina da sindikatu horiek ezgauza izatea langile guztien interes orokorra lehenesteko sindikatu bakoitzaren interes partikularraren gainetik. Sindikatuen arteko batzordea desaktibatu izanak argi uzten du sindikatu horien jarrera.
LAB sindikatuak ez du ulertzen sindikatu horiek arbuiatzea denok elkarrekin aritzea aspalditik jasaten dugun langile-falta eta behin-behinekotasuna salatzeko. Gutxieneko akordio bat proposatu diegu, kolektibo guztien sentsibilitateak biltzen dituena, osasun publikoaren defentsan elkarrekin aurrera egiteko. Baina akordio hori gainerako ordezkari sindikalekin eztabaidatzeari ere uko egin diote.
EAEn, osasun publikoaren egoera salatzeko fronte bateratu bat osatzeko gai izan dira, baina hemen badirudi beste interes batzuk dituztela.
LAB sindikatutik mobilizazioen dinamikarekin jarraituko dugu, uste baitugu arrazoi ugari daudela langile guztien lan baldintzen hobekuntza erreibindikatzeko, horrek herritar guztien arretaren kalitatea hobetzea ekarriko duelako. Horregatik, Osasunbideko langile guztiei dei egiten diegu hurrengo egunetako mobilizazioetan parte har dezaten.
Lehenbiziko mobilizazioa otsailaren 18an izanen da, 19:00etan, Iruñeko Baluarte plazan, Nafarroako Osasun Plataformak deitua, osasun publikoaren alde eta plantillako langile guztien lan baldintzak hobetzea eskatzeko.