LABek salatu du El Vergel egoiliarren eta langileen egoera, uholdeengatik beste egoitzetara lekualdatu eta gero

Iruñean izandako uholdeen beste ondorio bat izan zen El Vergel adinekoen egoitzaren hustutzea. Bertako egoiliarrak eta langileak AMAVIR enpresak kudeatzen dituen bi egoitzetara eraman zituzten, eta zentro horietan dituzten bizi eta lan baldintzak ez direla egokiak salatu du sindikatuak. El Vergelera lehenbailehen bueltatzea eskatzen du sindikatuak.

2021-ko abenduak 22

El Vergel jendez husteko erabakia, uholdeen eta jasandako kalteen aurrean salbamendu-txalupa bat izan beharrean, oso konponbide txarra izaten ari da. Amma Egüés eta Amma Argaray egoitzak kudeatzen dituen AMAVIR enpresako zuzendaritza ez da ongi tratatzen ari ez El Vergeleko langileak, ez egoiliarrak. “Ongietorria” desatsegina izan zen, mehatxuekin eta errespetu faltekin.

Egoiliarrak gosea pasatzen ari dira, eta, batzuetan, ez dira haien dietak errespetatzen. Pure osoak jaten dituzte berriro, eta, gainera, errazioak urriak dira. Gogora dezagun El Vergelen jaki testurizatuak jaten zituztela, hau da, janari askoz zaporetsuagoa eta elikagarriagoa. Errazio bikoitza jaten zuten pertsonei orain bat bakarra ematen zaie. Askarietan eta gosarietan ez zaie eskaintzen lehen jaten zuten gauza bera. El Vergelen beti egoten zen janaria hozkailuetan, egoiliarrei zerbait gustatzen ez bazitzaien edo gaizki sentitzen bazitzaien beste zerbait eman ahal izateko. Hori orain historia da.

Jantokiak oso txikiak dira. Elkarren ondo-ondoan eseri behar dute, eta langileak oso kezkatuak daude Covid-agatik. Gelak oso estuak dira. Garabiak ia ez dira sartzen, eta altzariak mugitu behar izaten dira garabiak erabili ahal izateko. Gela horiek ez daude mendekotasuna duten pertsonentzat prestatuak.

Bestalde, langileen kontratuak deuseztatu dira eta, aldi berean, langileen oporrak bertan behera utzi dira. Ez du zentzurik: langileak soberan badaude, ez da beharrezkoa inoren oporrak bertan behera uztea.

Egoiliarrak oso triste daude. El Vergelera itzuli nahi dute. Etxera itzuli nahi dute.

Azaldutako guztiak agerian uzten du, berriz ere, egoitza-arreta publikoa kalitatezko arreta dela, eta interes ekonomiko pribatuak jokoan sartzen direnean, arreta publikoaren kalitatea arriskuan jartzen dela.

Egoiliarrak eta langileak errespetatzea exijitzen dugu.

El Vergelera lehenbailehen itzultzea exijitzen dugu.

Gehiago