LABek “PAIren iruzurra” salatu du, onura pedagogiko frogaturik gabeko programa izan arren funtzionario talde propioa baituela

LAB sindikatuak salatu du, Administrazioaren mendeko gainerako irakasleengandik bereizia, Nafarroako Hezkuntza Departamentuak PAIko irakasleekin ad hoc funtzionario talde bat sortu duela.

2023-ko ekainak 15

LABek salatu du Nafarroako Gobernuak nahi bezala erabili duela foru autonomia, adierazi duten bezala, PAIren iruzurra betikotzeko helburuarekin. LAB sindikatuari “onartezina eta izugarria” iruditzen zaio hori guztia. Sindikatuak urteak daramatza salatzen PAI iruzurra dela. Berez, hizkuntza programa bat da, baina salatu dute, batzuek hezkuntza eredu bihurtu nahi dutela, nahiz eta frogatutako onura pedagogikorik ez duen. Sindikatuak adierazi du PAI sortzeko helburu nagusia D ereduari erasotzea izan dela. Ikasturte osoa eman du LABek Hezkuntza Departamentuari inbertsioa eskatzen irakasle nafarren lan baldintzak hobetzeko, baina behin eta berriz ukatu dute eskaera diru faltaren aitzakiarekin; “orain ikusi da badagoela dirua funtzionarioen kidego bat asmatzeko, sindikatuen babesik gabeko hizkuntza programa batean lan egingo lukeena, abal pedagogikorik gabe; zenbait ikastetxe PAItik ateratzea eskatzen ari diren une batean, gainera”, adierazi du sindikatuak.

 
LABek Nafarroako Gobernu berria osatuko duten talde politikoei iruzur horren partaide ez izateko eta beharrezko mugak ezartzeko eskatu die. Izan ere, sindikatuak adierazi duenez, atzerriko hizkuntzak modu orekatu eta koherentean landu behar dira, gainerako gaitasunak eskuratzeari eta hizkuntza propioak menderatzeari lehentasuna emanez; eta gaur egungo PAIarekin ez dela gertatzen salatu du.

Gehiago