LABek jakinarazi du 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla

Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira.

2024-ko azaroak 22

Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.

2024a urte latza izaten ari da Euskal Herrian lan istripuei dagokionez, baina bereziki nafar langileak ari dira egoera hau gogotik ordaintzen. Azken urteetan istripu kopuruetan goranzko joera ikusten ari gara, baita datu ofizialetan ere. Heriotza tasak fluktuazioa jasaten du istripu larrienen artean.

Istripu hilgarrien inguruko datuak jakitea ez da erraza, LABek bere 50.000 afiliaturen sarea erabili ohi du horretarako. Baina afera da Nafarroan ez dutela ofizioz datu ofizialik ematen eta LAB sindikatua NOPLOIko teknikariekin harremanetan jarri behar izaten dela zehaztapenak eskatzeko eta datuak doitzeko. Aurtengo udazkenean, datu doiketa prozesu batean, Nafarroako Gobernuak LABek jakin gabe zituen 5 hildakoren berri eman dio: 4 heriotza ez traumatiko eta traumatiko bat (garraiolaria bolketeak harrapatuta).

Urtero, datu ofizialek argirik ikusten ez dutelako, hainbat istripu geratzen dira ezkutuan eta egoeraren larritasuna ikusita eta gizartearen sentsibilizazioaren beharra atzemanda, datu horiek modu ofizialean argitaratzea aldarrikatzen du LAB sindikatuak.

Bistan da urteetan Nafarroako Gobernuak inplementatu dituen lan osasunerako politikak antzuak eta hutsalak izaten ari direla, gehiago gainera jakinik Nafarroako lan ehuna zerbitzuetara ari dela bideratzen, eta jarduera “arriskutsu” gutxiago dagoela. Plan guztiek porrot egin dute; datuek eta heriotzek hala berresten dute.

LABek behin eta berriz aldarrikatu du patronalak, enpresariek, ez dutela araudia bere borondatez betetzen. Merkea zaiela langileon osasuna eta integritate fisikoa urratzea, azken muturrean heriotza eragin badezake ere. Nafarroako Gobernuak bitartekoak ipini behar ditu enpresariek araudia bete dezaten behingoz. Lan Ikuskaritza propioa behar du Nafarroak, nahikoa ikuskari izanen dituena eta behingoz patronalari araudia betearaziko diona, inpunitatea baztertu eta nafar langileriari osasuna bermatuko diona.

Nafar langileon heriotza etengabea izan arren, Maria Txibiteren gobernua kanpaina kosmetikoetan eta propaganda ariketa den Nafarroako Enplegu Planean katramilatuta dago. Izan ere, Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua blokeatzeko luxua hartu du, CENeko enpresaburuen eta UGT eta CCOO sindikatuen arteko elkarrizketa esklusibo eta antzura mugatzeko.

Jarduteko modu hori ikuspegi guztietatik justifikaezina da, gizartearentzat ulertezina. Eta Carmen Maeztu, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariaren eta Iñaki Mendioroz, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiaren beraien funtzioen utzikeria da.

Beste era batera esanda, lan istripu hilgarriei dagokionez Nafarroako Gobernuak alerta gorria ezarri behar du, eta alerta horrek eskatzen dituen neurriak hartu. Horien artean egoera hau kudeatzeko eskuduntza duen Lan Osasuneko Kontseilua aktibatu, beharrezkoak diren neurriak adostu eta hartu ahal izateko. Hori ez egiteak ekidin daitezkeen nafar langileon heriotza gehiago eraginen ditu.

Gehiago