LABek exijitu dio Toquerori, Tuterako alkateari, zentzua berreskuratzeko eta legez kontrako zentsuragatik dimititzeko
Sindikatuaren historia laburbiltzen duen 1974tik etorkizunera LAB zabaltzen erakusketak Tuterako La Rua gizarte etxean egon behar zuen ikusgai 2025eko urriaren 1etik 10era, baina Alejandro Toquero UPNko alkateak ixteko agindua eman zuen.
2026-ko maiatzak 4
Orain, Nafarroako Administrazio Auzitegiak onartu du LAB sindikatuak aurkeztutako helegitea, baimendutako erakusketaren aldi baterako etetea baliogabetuz, aplikatutako zentsura legez kanpokotzat joz.
LAB sindikatuak ulertzen du Alejandro Toquero jaunari sindikatu hau ez gustatzea, baita Toquerok eta bere alderdiak, UPNk, sindikatu honek Erriberan duen presentzia eta eragin gero eta handiagoa begi txarrez ikustea ere, baina etsaitasun horrek ez du justifikatzen adierazpen askatasunaren aurkako bere eraso obsesiboa, balore demokratikoen guztiz kontrakoa dena eta jarrera jauntxoa erakusten duena. Izan ere, Toquero Jaunak, Errege Eguna erabili zuen opari gisa, eta Trumpen erara, erakusketaren debekua eta LAB sindikatuari ezarritako zigorra iragartzeko.
Tuteratik eta Iruñetik, Langileen Nazioarteko Egunean, LAB sindikatuak erantzuna eman zion, Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpenaren berri emanez. Auzitegiak aintzat hartu du sindikatuaren gora jotzeko helegitea, eta baliogabetu egin du Toquerok agindutako erakusketaren aldi baterako etetea, esanez: «helegileari arrazoia ematen zaio, sindikatu helegileari posta elektroniko bidez jakinarazitako itxiera agindua egitatezko bidea baita, jarduketa erabat materiala eta babes juridikorik gabeko gisa ulertuta, argi eta garbi eskumenik ez zuen organo batek eman baitzuen eta erabaki hori babesten zuen administrazio-prozedurarik ez zen izapidetu, eta, beraz, erabat deuseza den jardun material baten aurrean gaude».
Gainera, Auzitegiak aipatzen du «arrazoi eskas dagoela erabakia hartzeko, proportzionaltasunaren, eraginkortasunaren eta kostu txikienaren printzipioak kontuan hartzen ez dituena»; eta aitortzen du Toquero jaunak «kalte konponezina eragin diola helegileari, une horretatik aurrera amaiera eman behar izan ziona erakusketari», eta, azkenik aipatzen du ere, «helegileari eragindako babesgabetasuna, zeinek Auzitegira jo besterik ezin izan zuen inpugnatzeko eta argudiatzeko bere interes legitimoen defentsan».
Toquero jaunaren legez kontrako zentsura, Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpenak egiaztatu berri duen bezala, karguan jarraitzeko gaitasun eza nabarmena erakusten du. Bere ikuskizunaren bufoi bihurtuta, LABek zentzua berreskuratzeko eta dimisioa aurkezteko exijitu dio. Era berean, gogorarazi dio Tuterako biztanleek beren hirian ikusi ahal izango dutela LABen erakusketa.
