Labaren erupzioaren atzetik euskaldunen topagune baten sorrera dago

Euskara eta euskal kulturarentzat gune bat sortzeko proiektua martxan jarri dute, Iruñeko bihotzean, Gazteluko plazan. Kulturgune bat, topagune bat, sorgune bat, gozagune bat… Eta horretarako diru bilketa bat abiatu dute 30.000€ lortzeko xedearekin.

2021-ko ekainak 10

Iruñeko euskaldunen komunitatearentzako elkargunea sortzea eta gainera hiriaren bihotzean egitea da Laba moskeo kanpainaren atzean dagoena.

Proiektuaren helburua ere bada euskara “bazterretik erdigunera” eramatea, gure hizkuntzaren presentzia ikusgarri eta entzungarri egiteko. Horretarako jauzi bat ematea proposatzen dute: euskararen alde egotetik euskaraz egitera. Eta horretarako erabilera anitzeko espazio bat sortuko da, Gaztelu Plazako arkupeetan kokatzen den lokal bat, hain zuzen ere.

“Euskaratik sortutako elkargune bat, euskarazko kultur emanaldietarako oholtza, sorkuntza produktuetarako saltokia, kafetegia. Eta bertan eta gure buruetan kabitzen diren beste hainbat gauza. Baina espaziotik harago doa ideia: izan dadila irradiazio gune, proiektu berrietarako abiapuntu, eta harremanetarako aitzaki. Bildu gaitzala, baina batez ere zabaldu”, zehazten dute.

Lehenengo erronka 30.000€ biltzea da, egitasmoari lehen bultzada emateko, eta horretarako diru-bilketa bat jarri dute martxan. Baina horrez gain, partaide aktiboak ere behar dituzte, ideiak, proposamenak, eta proiektuak, etengabe birasmatzen den gunea izan dadin.

Gehiago