LABAk terraza jartzeko baimena eskuratu du, baina Windsor ostatuak ez du oraindik berea kendu

Laba elkarteak bere terraza jartzeko duen eskubidea aitortu zaio definitiboki, baina Windsor ostatuak ez du oraindik berea kendu. Datozen egunetan gertatuko dela pentsatzen dute Labakoek, gatazka euskarafobo honi amaiera jarriz.

2023-ko abuztuak 3

Azkenean, Laba sareak terraza paratzeko baimena lortu du. Herenegun, Toki Administrazio eta Despopulazio Zuzendari Orokorrak ebazpen bat kaleratu zuen Nafarroako Administrazio Auzitegiak 2022ko urrian hartutako erabakia modu subsidiarioan betearaztea eskatuz. Hau da, Laba Elkarteari terraza izateko baimena aitortzen dio bere jarduera aurrera eraman dezan, 2022ko urtarrilaren 14an Iruñeko Udalean aurkeztutako proiektua ontzat hartuz.

Laba elkartekoek atzo bertan euren terrazaren eremua erabiltzen duen ostatuari jakinarazi zioten mahaiak eta aulkiak kendu behar zituela. Hala ere, gaur goizean Windsor ostatuak ez ditu bere mahaiak eta aulkiak terrazatik kendu, eta afera hau zertxobait luzatu daitekeela aurreikusten dute kontu burokratikoekin. “Nolanahi ere, gure eskubidea da, eta terraza ahalik eta agudoen muntatuko dugu, euskaldun guziei beste eremu bat eskaintzeko”, adierazi dute euskaltzaleek.

“Oso kontent gaude, bazen garaia!”

Laba sareko kideak “oso kontent” daudela azkenean Iruñeko udal ordenantza beteko delako. “Zoritxarrez urte eta erdi baino gehiago luzatu da afera hau Iruñeko Udalaren erabaki arbitrario batengatik. Nafarroako Arartekoari eta Nafarroako Administrazio Auzitegiari entzungor egin dio Udalak, eta iruindar guzion baliabideak erabili ditu prozesu judizial hau ahalik eta gehien luzatzeko. 2022ko urtarrilean ateak ireki genituenean tramite hutsa izanen zela pentsatu genuen, baina bide malkartsu eta oso luzea izan da azkenean. Hau oztopo handia izan da gure jarduera normaltasunez garatu ahal izateko: batetik, dagokigun espazio bat ukatu zaigulako; bestetik, proiektuan inbertitu nahi genuen denbora eta energia auzi honetara bideratzera behartu gaituelako. Baina azkenean ailegatu da hainbeste espero izan dugun eguna. Bazen garaia!”

Euskaldun orori euskaraz bizitzeko leku goxo bat eskaintzeko lanean jarraituko dutela adierazi eta euskal kultur programazio ahalik eta txukunena emateko esfortzua eginen dutela ziurtatu dute, orain gainera, terraza eder batekin Iruñeko bihotzean. “Laba ezkutatu dute, baina inoiz baino gehiago ikusiko gaituzte orain”.

Gehiago